Euskal Herria, ofizialki, atzeraldi ekonomikoan dago, eta horren erantzule Espainia eta egungo ekonomia eta finantza sistema dira. Halaxe azaldu zuen atzo Eusko Alkartasunako idazkari nagusi Pello Urizarrek Bilbon, ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek eta Alternatibak landu duten proposamen soziekonomikoaren aurkezpenean. Lau alderdiok diote irtenbidea egon badagoela, horretarako landu dutela proposamen sozioekonomikoa, ekonomia eta finantza sistema aldatzeko, burujabetzaren bidetik.
EHUren Bilboko paraninfoan aurkeztu zuten alderdiek proposamen sozioekonomikoa, lekua jendez beteta zegoela. Urizarrez gain, Aralarreko koordinatzaile Dani Maeztuk hartu zuen hitza, eta Euskal Herria Espainia baino hobeto dagoela diotenei Bizkaiko Ezkerraldeari begiratzeko aholkua eman zien, langabezia %20an baitago, edota gazteei eta emakumeei galdetzeko. Bilboko ekitaldian izan ziren ezker abertzaleko Joseba Permach eta Alternatibako Oskar Matute ere. Lau alderdietako kide ezagun ugari ere baziren bildutakoen artean.
«Ofizialki atzeraldi ekonomikoan gaude Euskal Herrian, eta bi faktorek eraman gaituzte horretara: Espainiak eta gaur egungo ekonomia eta finantza sistemak», azaldu zuen Urizarrek. Haren ustez, subiranotasun gabeziak «nahi dugun Euskal Herria eraikitzeko baliabiderik gabe uzten gaitu». Gaineratu zuen gaur egungo sistema aldatu beharra dagoela, sistema bera dagoelako krisian. Aldaketa hori, dena den, «erabateko subiranotasunetik» abiatuta egin daiteke soilik, «subiranotasun politikoa eta ekonomikoa izanda, erabateko subiranotasuna izanda, nazioa eta gizartea eraikitzeko».
Zerga sisteman ere erreforma sakona egin beharra dagoela deritzo, eta Hego Euskal Herriko gainontzeko lurraldeetan Gipuzkoan ezarritako zerga sistema balego orain baino 500 milioi euro gehiago bilduko liratekeela esan zuen.
Aurreratu zuen hurrengo hilabeteetan alderdi guztiek krisiari irtenbidea emateko proposamenak egingo dituztela, baina gainontzekoen proposamenak «adabakiak» izango direla, statu quo-ari eutsi nahi diotelako. Urizarrek EAJri dei egin zion bi propoasmenak jendaurrean eztabaidatzera. Maeztuk ere horretan sakondu zuen: «Hautagaiak aurkezten dituzte, krisi kapitalistari aurre egiteko proposamenik ez dutelako; guk, berriz, proposamen argia dugu».
«Espainiak eta ekonomia sistemak sartu dute atzeraldian Euskal Herria»
Ezker abertzaleak, EAk, Aralarrek eta Alternatibak aldaketa aldarrikatu dute, burujabetzaren bidetik
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu