Berean jarraitzen du Espainiako Gobernuak: ez du asmorik Euskal Preso Politikoen Kolektiboarekin hitz egiteko (EPPK), eta, askotan bezala, ETA jarri du horretarako aitzakia gisa: ETA desegiten ez den bitartean, ez du hatz bat ere mugituko. «Orduan bakarrik birplanteatu ahalko litzateke sakabanaketa politika», esan du Jorge Fernandez Diaz Espainiako Barne ministroak. Frantziako Atzerri ministerioak ere ildo bereko hitzak izan ditu: «ETAk uko egin behar dio indarkeriari, eta adierazpen publiko, kategoriko eta argi baten zain gaude aspalditik». Bietako inork ez zuen aipatu ETA prest agertu zela, jendaurrean zabaldutako agiri batean, gobernuekin harremanetan hasi eta armak uzteaz eta beste «gai tektikoez» hitz egiteko.
EPPK eta ETA gauza bera balira bezala hitz egin zuen, gainera, Fernandez Diazek, nahiz eta kolektibo horren barruan badagoen jendea lan politikoa egiteagatik preso dagoena, eta ez ETAren jarduera armatuan aritzeagatik. «Talde terrorista batekin ez dugu negoziatu, eta ez dugu negoziatuko», esan du. Izan ere, BERRIA eta Gara egunkarietan egindako elkarrizketan, EPPK-ko Mintzakidetzako kideek jakinarazi dute prest daudela «mintzatzeko eta urratsak egiteko» beren «eskubide demokratikoak» errespetatzen badira.
Fernandez Diazek EPPK-ko kideei esan die gobernuak legeak bete baino ez duela egiten. Lege horiek gainerako presoei bezala aplikatuko balizkiete, ordea, zigorraren hiru laurdenak edo bi herenak beteta dauzkaten 134 presoak aske leudeke, baita gaixotasun larriak dituzten hamalauak ere.
Behin baino gehiagotan esan duena esan zuen: «Legearen onurak lortu nahi dituenak banakako gizarteratzerako baldintzak bete beharko ditu». EPPK-ko kideek elkarrizketan diote irtenbiderik ez dela izango modu kolektiboan ez bada.
Bernard Valero Atzerri Ministerioko bozeramaileak, berriz, argi utzi zuen Frantziako Gobernuak ez duela asmorik urratsik egiteko Espainiakoaren oniritzirik gabe. Presoekin hitz egitea erabat baztertzen al duen galdetu zioten, eta honako hau erantzun zuen: «Espainiako Gobernuarekin harremanetan gaude une oro».
Antzeko hitzak izan ditu Patxi Lopez Eusko Jaurlaritzako lehendakariak ere. ETAri begira jarri da hura ere, eta ezer eskatu aurretik erakunde armatuari desagertzeko deia egitea galdegin die EPPK-ko kideei. Gainerako presoak ez engainatzeko ere eskatu die kolektiboko mintzaideei: «Ez da amnistiarik egongo, ezta irtenbide kolektiborik ere».
EPPKren jarduera salatu du Lopezek. Kolektiboari eskatu dio «haren diktadura propiotik» libre uzteko presoak, hala «espetxe onurak» lortu ahal izateko.
EPPK-ko Mintzakidetzari elkarrizketa. Erreakzioak
Espainiak eta Frantziak ETA jarri dute aitzakia EPPKri bizkar emateko
Bi gobernuek esan dute ez dagoela presoekin hitz egiteko ezer ere erakunde armatua desegiten ez den bitarteanPatxi Lopez lehendakariak EPPKri eskatu dio desagertzea galdegin diezaiola ETAri
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu