Defizita

Espainiak ez du isunik pagatuko defizitagatik

Europako Batzordeak isun ekonomikoa ezabatu die Espainiari eta Portugali

Pierre Moscovici Europako Batzordeko Ekonomia komisarioa. YANNIS KOLESIDIS / EFE
Jon Fernandez.
2016ko uztailaren 27a
08:35
Entzun

Zero euro eta 2.000 milio euro arteko isuna izan zitekeen Espainiak pagatu beharrekoa 2015ean defizit helburua ez betetzeagatik, baina azkenean ez da isunik egongo, ezta sinbolikoa ere azken egunetan indartu den aukerak zioen bezala. Batzordeak Madrilentzako eta Portugalentzeko isuna ez jartzea proposatu du. 

Europako Batzordeko komisarioak bi taldetan zatitua zeuden, eta adar gogorrak galdu du norgehiagoka. Zero euroko isun bat jartzearen alde zeuden batzuk, eta isun sinboliko bat jartzearen alde besteak —BPGaren %0,2rainokoa izan zitekeen—. Pierre Moscovici Ekonomia komisarioak defendatutako lehen aukera atera da garaile, zigorra zeron lagatzearena. Irabazle nagusiak, hala ere, Madril eta Lisboa dira: 2.200 miloi euro arteko isunari eta 360 milioi artekoari egin diote izkin, hurrenez hurren. Horrez gain, 2017ko urtarrilaren 1az geroztik EBko egiturazko funtsetako ordainketen erdia izoztuta geratzeko arriskua ere gainetik kendu dute. Azkenean ez da horrelakorik gertatuko, ez dutelako isunik jasoko.

Erabaki garrantzitsua da isuna ezabatzearena, bestela, Espainiarena eta Portugalena defizitagatik jarritako lehen zigorra izango bailitzateke EBn. Mugarri bat bihurtuko litzateke, eta, batez ere, abisu bat datorren urtean defizit helburua betetzeko zailtasunak izan ditzaketen gainontzeko kideentzat, Italia eta Frantzia tartean. Hain zuzen Parisek eta Erromak ere isuna zeron lagatzearen alde egin dutela azaldu dute EBko iturriek albiste agentzietan.

Nolanahi ere, azken erabakia Ecofineko Finantza ministroek daukate: hamar eguneko epea daukate Europako Batzordearen erabakia berresteko edo atzera botatzeko. Gehiengo kualifikatu bat beharko lukete atzera botateko.  

Bi urte, defizita betetzeko

Europako Batzordeak maiatzean hartu behar zuen erabakia, baina uztailera atzeratzea erabaki zuten ordukoan, Espainiako hauteskundeak gainean izanda «une ekonomiko eta politiko ezegokia» zela iritzita. Azkenean, batzordeak uztailaren 7an abiatu zuen Portugalen eta Espainiaren kontrako isun prozedura, eta bost egunera berretsi zuen erabakia Ecofinek. Bi herrialde horiek ez zuten bete 2015erako batzordearekin hitzartutako defizit helburua. Portugalek BPGaren %4,4ko defizitarekin itxi zuen 2015a, Bruselarekin adostutako %3ko defizitetik dezente gorago. Espainiak, berriz, %5,1eko defizitarekin itxi zuen urtea —%4,2 zuten adostua—, hitzartutakoa baino 10.000 milioi euro gehiagoko zuloarekin. Batzordearen ustez, nahita ez zuten bete defizit helburua, ez zutelako «neurri eraginkorrik» hartu zuloa saihesteko.

Bruselak egintzat ematen du Madrilek aurten ez duela astirik izango urtea amaitu baino lehen defizita murrizteko neurririk hartzeko. 2016a, hortaz, galdutzat ematen du Europako Batzordeak, eta, informazio agentzien arabera, bi urte emango dizkio Espainiari, 2018ra arte, defizitaren urrezko araua betetzeko, BPGaren %3rtik behera jaisteko.  

Maiatzean Bruselak espero zuen %3ko defizit hori 2017arekin jaitsiko zuela Madrilek, baina oraindik gobernua osatu gabe egoteak eta zerga bilketa espero baino apalagoa izango dela jakiteak —AIReF Espainiako Erantzukizun Fiskaleko Agintaritza Independenteak aurreratu bezala— ezinezko bihurtuko dute helburua betetzea. Bruselak nahi zuen Espainiak 2016a %3,7ko defizitarekin ixtea eta 2017a %2,5ekin, baina horretarako 8.000 miloi euroko murrizketak egin beharko lituzke Madrilek, eta oraindik ez ditu egin: jarduneko gobernuak ezin ditu egin, eta gobernu berria oraindik ez da osatu. Aurten defizita %4,7ra igo gaiteke Espainian.

Isuna arintze aldera, hain zuzen, Luis de Guindos Espainiako Ekonomia ministroak Bruselari agindu dio 8.500 milioi euro gehiago bilduko dituela 2016-2017an. Sozietate zerga 6.000 milioi euro igoko duela iragarri zuen De Guindosek —argitzeko dago igoera erreala izango den ala zenbakiak itxuraldatzeko trikimailu fiskal bat—. Horrez gain, Bruselari agindu dio beste 1.500 aurreztuko dituela interesen ordainketetan, eta beste 1.000 milioi euro zerga iruzurraren kontrako borrokaren bidez. Guztira, 8.500 milioi euro aurreztuko lituzke beraz, udaberrian Bruselak Madrili eskatutako murrizketaren pareko kopurua. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.