Espainiako aldizkari ofizialean argitaratu dute Osasun Ministerioaren agindua, migratzaileentzako egoitza eta lan baimenak sei hilabeterako luzatzeko. Martxoaren 15ean alarma egoera izendatu zutenetik iraungitako baimenei eragingo die luzapenak: baimena iraungi eta hurrengo egunetik aurrera, sei hilabete gehiago izango dituzte.
Gobernuak azaldu du «segurtasun juridikoa» bermatu nahi izan duela urrats horren bidez. Izan ere, bulego publikoak itxita egonik, migratzaile askok arazoak zeuzkaten baimena luzatzeko agiriak aurkezteko. Modu automatikoan luzatuko diete baimena denei, bulegora joan beharrik izan gabe.
Alarma egoerarekin lotuta, areagotu egin da paperik gabe dauden migratzaileei buruzko kezka. Ekonomia ezkutuan lan egiten dute, eta gizarte babeseko sistematik kanpo. Migratzaile horien egoera erregularizatzeko eskatu diote dozenaka eragilek Espainiako Gobernuari. Asiloa eskatu eta erantzunik gabe daudenen egoera bideratzeko ere eskatu diote. Portugalgo Gobernuak iragarria du erregularizazio prozesu bat.