Espainiako banderaren «inposizioa» salatu dute Gipuzkoako Batzar Nagusiek

Aldundiaren egoitzan jarrita dagoen bandera «arrotza» zaiela jakinaraziko diote Espainiako Gobernuari

Erredakzioa
Donostia
2011ko abenduaren 15a
00:00
Entzun
Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan Espainiako bandera jartzearen aurka azaldu dira Batzar Nagusiak. «Gipuzkoar gehienen sentimenduen kontrako inposizio onartezintzat» jo dute instituzioetako eraikinetan bandera hori jartzera behartzen duen Auzitegi Gorenaren epaia. Era berean, Espainiako bandera «arrotza» zaiela jakinaraziko diote Espainiako Gobernuari eta Auzitegi Gorenari.

Aralarrek aurkeztu zuen ekimena duela aste batzuk, eta, EAJ eta Bilduren batzarkide taldeekin erdibideko zuzenketa bat adostu ostean, atzo bozkatu zuten Batzar Nagusietan. PSE-EEk aurka bozkatu zuen, eta PPk ez zuen parte hartu eztabaidan eta bozketan, «legez kanpoko planteamendu batetik» abiatutako proposamen bat dela argudiatuta.

Espainiako bandera foru aldundiaren egoitzan jarrita dago gaur egun, Auzitegi Gorenaren epai bat dela eta. Aurreko foru gobernuak —Markel Olano jeltzaleak zuzentzen zuenak— Gorenaren «inposizioa» salatzeko plaka bat jarri zuen egoitzaren atean iazko otsailean. Baina Gorenak, beste epaia batean, plaka hori kentzeko agindu zuen.

Atzo onartutako adierazpenaren ostean, Batzar Nagusiek konpromisoa hartu dute beste plaka bat jartzeko, «adierazpen askatasuna aldarrikatzeko» eta foru aldundiaren egoitzan jarrita dagoen Espainiako bandera «gipuzkoar gehienen sentimenduen aurkakoa» dela salatzeko.

«Espainiako epaileak antidemokratikoak izateaz gain nahiko burugogorrak direnez, azaldu beharko diegu berriro ere ez dugula onartzen inposiziorik eta haien sinboloak ez direla gureak», adierazi du Rebeka Ubera Aralarreko bozeramaileak Batzar Nagusietan eginiko eztabaidan.

EAJko Markel Olanorentzat ere Auzitegi Gorenak «nagusikeriazko jarrera» azaldu du aldundiaren egoitzan jarritako plaka kentzeko aginduta. «Gure gizartearen sentimenduetatik zein urrun dauden erakutsi dute».

Idoia Ormazabal Bilduko batzarkide taldeko eledunak nabarmendu duenez, Espainiako instituzioek Euskal Herrian dagoen «gehiengoa ukatu» nahi dute. «Independentismoa, baina, inoiz baino indartsuago dago», adierazi du.

PSE-EEko batzarkide Susana Corcuerak, berriz, «arduragabekeria» leporatu die hiru alderdi horiei. «Epaitegietako erabakiakbete behar dira». Eztabaida «antzua» izateaz gain, erabaki horrekin zer «konpontzen» duten galdetu die.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.