Espainiako Auzitegi Gorenak Gipuzkoako Foru Aldundiaren eraikineko fatxadan jarrita dagoen plaka kentzeko agindu du; banderak «inongo oztoporik gabe» eskegi behar direla dio Auzitegi Gorenak. Izan ere, kendu nahi duten plaka horrek adierazpen bat jasotzen du, eta, bertan, Espainiako bandera foru aldundiaren egoitzan derrigorrean eskegi behar izatea salatzen da.
Iazko otsailean, EAJko Markel Olano ahaldun nagusi zela jarri zuten plaka Donostiako Gipuzkoa plazako eraikinean. Espainiako bandera «ikur inposatu bat» dela adierazten du plakak. «Gerta liteke ikurra herriaren ametsaren sinbolo ez izatea. Indarraren legez eta legearen indarrez ezarria izatea. Orduan ere baliagarri izan liteke, inposaketaren sinbolo bihurtzen baita, bizilegezko gabeziaren gogoratzaile».
Estatuaren abokatuak EAEko Justizia Auzitegi Gorenari eskatu zion plaka kentzeko; auzitegiak, ordea, eskaera atzera bota zuen. Estatuaren abokatuak Gorenean helegitea jarri zuen orduan. Auzitegi horrek bai, eskaera onartu du, eta Gipuzkoako Foru Aldundiari iazko otsailean jarritako plaka kentzeko agindu dio.
Auzitegi Gorenak, beraz, Estatuaren abokatuak zioena berretsi du: «Gipuzkoako Diputazioak 2005ean ebatzitako sententzia bat ez du behar bezala betetzen». Sententzia haren arabera, Banderen Legeak dioen bezala eskegi behar dira banderak. «Oztoporik gabe, interferentziarik gabe». Gorenaren ustez, foru aldundiaren egoitzan jarrita dagoen plakak Banderen Lege hori hausten du. «Espainiako banderari balioa kentzea da plakaren helburua. Horregatik, kendu egin behar da». Bikote bat saiatu zen plaka lapurtzen iaz; bideokamerek harrapatu zituen, ordea, eta berriro jarri zuten.
«Erabaki anakronikoa da»
Gipuzkoako Aldundiak kritikatu egin du Auzitegi Gorenaren erabakia. Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusiaren iritzian, «egoera politiko berrian» Espainiako bandera jartzera behartzea «erabat anakronikoa» da. «Euskal jendartea aurrera begira dagoen bitartean batzuk atzera begira jarraitu nahi dutela dirudi, frankismoaren inposaketa garaira». Ahaldun nagusiak ikurren «inposaketa» irmo salatu du: «Ikurrak herria irudikatzen du, eta herriak aukeratzen ditu bereikurrak».
Garitanok esan du helegitea jarri edo ez erabakitzeko Gipuzkoako Aldundiko zerbitzu juridikoak epaia aztertzen ari direla. Batez ere, «kontzientzia askatasuneaneta adierazpen askatasunean» oinarrituta. Markel Olano EAJren bozeramaileak adierazi du bere batzarkide taldea ere «haserre» dagoela Auzitegi Gorenak hartu duen erabakiarekin. «Epaiak eraso egiten dio Gipuzkoako gizartearen gehiengoaren ikuspegiari». EAJk argi du helegitea jarri behar dela. «Epaiari helegitea aurkezteko baliabide guztiak erabili behar dira». Olanok jakinarazi duenez, datorren astean ekimen bat aurkeztuko du Batzar Nagusietan «plakaren aldarrikapena ahaztua ez izateko».
Aralar: «Ez bete agindua»
Aralarrek Gorenaren agindua ez betetzeko eskatu dio Bildu buru duen foru aldundiari: «Ontzat jo dezala erabakia, baina ez dezala bete». Aralarren bozeramaile Rebeka Uberak gaitzetsi egin du Espainiako ikurrari kontrakotasuna adierazten dion plaka kendu nahi izatea. Aralar, jartzea agindu zutenean bezala, Espainiako banderaren aurka azaldu da, «herriaren sentimentua ez duelako irudikatzen». Nabarmendu du bere garaian Aralarrek proposatu zuela bandera hori non grata izendatzea.
Uberaren ustez, Espainiako banderak banatu egiten du, gerturatu baino gehiago: «Botereguneetatik gizarte bat elkartzeko lana egin beharko litzateke, bere identitate sentimentua eta erabakitzeko eskubidea onartu. Inoiz ez bereizten duen hori azpimarratzen tematu».
Espainiako banderaren kontrako plaka kentzeko agindu du Auzitegi Gorenak
Martin Garitanok esan du Gipuzkoako Aldundia epai «anakronikoari» helegitea jartzea aztertzen ari dela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu