Aldaketak Iruñeko presondegian. Noticias de Navarra egunkariak jakinarazi duenez, Espainiako Erakundeetako Idazkaritza Nagusiak agindu du Enrique Soto Rico Nafarroako hiriburuko kartzelako zuzendaria kargutik kentzeko. Datozen egunetan emango dute haren ordezkoaren berri.
Soto Logroñokoa da (Espainia), 63 urte ditu, eta hamar daramatza Iruñeko espetxearen arduradun; kartzela zabaldu eta hilabete gutxira jarri zuten zuzendari. Aurrez, Langraizen (Araba), Logroñon, Sorian (Espainia) eta Picassenten (Herrialde Katalanak) aritua zen.
Maiatzean, Foro Sozial Iraunkorrak salatu zuen Iruñeko espetxea bide itsua bilakatua zela presoentzat: «Ez du espetxe tratamendua kontuan hartzen, motibazio politikoko presoak ez atzera ez aurrera uzten ditu, eta, gainera, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralaren babesa du», azaldu zuen Juanje Soria abokatuak.