Espainiako Estatuaren eredua «krisi nabarian» dagoela uste du Egibarrek

Diputazioak kentzeari buruzko eztabaidak ez die eragiten foru erakundeei, EAJren iritziz

GBBko buru Joseba Egibar, prentsaurreko batean. JUAN CARLOS RUIZ / ARGAZKI PRESS.
Erredakzioa
2011ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Azken egunotan Espainiako probintzia diputazioak desagertzeari buruzko eztabaida estatu ereduaren krisiaren beste sintoma bat da, Joseba Egibar EAJren GBBko lehendakariaren ustez. Eztabaida ez da berria, baina aste honetan Alfredo Perez Rubalcaba gobernuburu izateko hautagai sozialistak beste bultzada bat eman dio. Mila miloi euro aurrezteko formula gisa aurkeztu du diputazioak kentzea, batez ere, neurri horrek kargu publiko asko kentzea ekarriko lukeelako. PP proposamenaren kontra agertu da. Jose Blanco Espainiako Gobernuko bozeramaileak argitu behar izan du neurriak ez liekeela eragingo foru erakundeei, hau da, foru aldundiei eta Nafarroako Gobernuari. Jose Antonio Pastor PSE-EEko bozeramaileak ere nabarmendu zuen Rubalcabaren proposamenak ez zeukala zerikusirik foru aldundiekin.

Joseba Egibarren ustez, probintzia diputazioak desagertzeari buruzko eztabaidak ez die eragingo euskal erakundeei, ez direlako erregimen arrunteko diputazioak, baizik eta foru erakundeak.

Probintzia diputazioen inguruko eztabaidak, Egibarren irudiko, Espainiako Estatuaren ereduarekin zerikusia du, hain zuzen, estatu eredu hori «krisi nabarian» dagoelako. Krisi horren jatorria trantsizioan dago, autonomien estatua diseinatu zenean. Estaturik gabeko nazioen uztarketari erantzun beharrean, autonomien estatua diseinatu zuten. «Kafea guztientzat, hori izan zen aukeratu zuten bidea, eta horretarako asmorik eta nahirik izan gabe, eskualdeek eta probintziek autonomia eskuratu zuten. Une honetan, egitura horiek ekonomikoki astunak gertatzen dira eta, beraz, eztabaida hasi da».

Aznarren itzala

Estatuaren ereduari buruzko eztabaida, Joseba Egibarren esanetan, «aspalditik dator, FAES fundazioak jarri zuen mahai gainean, Aznarren eskutik, ondorioztatu zutenean estatuaren egitura mehetu egin behar dela, ekonomikoki astuna delako». Halaber, Egibarrek gogora ekarri du diputazioak kentzeko neurriak antzekotasuna duela Berlusconik berriki mahai gainean jarri dituenekin. Udalak batzea eta probintziak desagertzea proposatu du Berlusconik, zor publikoa gutxitzeko asmoz.

Dena den, FAESek estatuaren administrazioaren neurria eztabaidan jarri arren, PPk ez du begi onez ikusi diputazioak kentzeko proposamena; besteak beste, Espainiako diputazio gehienak kontrolatzen dituelako. «Arazoa ez dira instituzioak, baizik nola kudeatzen diren», esan du Maria Dolores de Cospedalek, PPko eledunak.

Espainiako probintzia diputazioen zorra 3.000 milioi euro ingurukoa da, eta, aldiz, administrazio publikoena 750.000 milioikoa, nabarmendu du Cospedalek. Dena den, PPko buruzagiak ez du neurri zehatzik aipatu administrazioa egokitzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.