Espainiako Estatutik kanpo dauden euskal presoek EHUn ikasi ahal izango dute

Auzitegi Konstituzionalak baliogabetu egin du Gorenak 2009an emandako epaia, eta unibertsitatearen autonomia aitortu duEspainiako kartzeletan direnek ez dute, oraingoz, EHUn ikasteko aukerarik izango

Juan Ignacio Perez Iglesias EHUko errektore ohia, Iñaki Goirizelaia gaur egungo errektorea eta Eva Ferreira idazkari nagusia, atzoko agerraldian. L. JAUREGIALTZO / ARP.
Aitziber Laskibar Lizarribar.
Bilbo
2011ko abenduaren 28a
00:00
Entzun
Euskal presoei ikasketak egiteko aukera murrizteko azken urteetan hartu diren erabakien inguruan, Euskal Herriko Unibertsitateari (EHU) eman dio arrazoi Espainiako Auzitegi Konstituzionalak. EHUri unibertsitate gisa duen autonomia aitortu dio, eta, irakaskuntza, ikaskuntza eta ikerkuntza garatzeko beharrezko duen askatasunaren izenean, ikasketak nola kudeatu erabakitzeko ahalmena duela ebatzi du. Ondorioz, euskal presoek EHUn ikasteko aukera izango dute berriz, nahiz eta, praktikan, Espainiako Estatutik kanpoko kartzeletan daudenei soilik eragingo dien erabakiak. Espainiako kartzeletan daudenek ikasketak egin ahal izateko, beharrezkoa da Espetxeetarako Zuzendaritzarekin akordio bat egitea, eta, hark orain arte uko egin dio EHUrekin hitzarmenik egiteari.

Auzitegi Gorenak 2009an emandako epaia baliogabetuta eman die presoei ikasketak EHUn egiteko aukera Auzitegi Konstituzionalak. 2009ko erabakian, irakaskuntzaren kalitatea espetxe erakundeek bermatu behar zutela esan zuen Gorenak. EHUk aurrez presoen ikasketak kudeatzeko egina zuen protokoloa indargabetuta, presoei EHUn ikasteko aukera kendu zien. Zuzenean eten zitzaizkien ikasketak orduan EHUn matrikulatuta zeuden 57 euskal presori.

Orain, duela bi urteko epai hark unibertsitatearen autonomiarako eskubidea urratu zuela ebatzi du Konstituzionalak. Kalitatea bermatzea EHUri dagokiola esan, eta eskubidea berriz ezartzeko agindu du, eta, horretarako, Gorenaren erabakia baliogabetu du.

EHUko errektore Iñaki Goirizelaiak eman du epaiaren berri, Juan Ignacio Perez Iglesias errektore ohia eta Eva Ferreira idazkari nagusia albo banatan zituela. Behin betiko epaiak arrazoi eman dielako eta «bide luze baten amaiera» dakarrelako, poza adierazi, eta hemendik aurrera zentzuz jokatzeko deia egin du.

Espainiako Espetxe Zuzendaritzari igorri dio eskaera. Espainiako kartzeletan dauden presoek EHUn ikasi ahal izateko harekin hitzarmena egitea beharrezkoa dela eta, horri begirako prozesua has dezala eskatu dio. «Logikoa» litzateke, errektorearen hitzetan. Baina arau hori indarrean jarri zenetik EHUk izan dituen hiru errektoreek eskaera eginez sei gutun igorri dituzten arren ez dutela ezta erantzunik jaso ere egin ohartarazi du. Beste saio bat egingo du orain Goirizelaiak.

Hain zuzen, 2003an Espetxeen Lege Orokorra moldatuta ezarri zen baldintza horixe izan zen presoei ikasketen bidea mozteko lehen urratsa. Presoek, EHUn ikasi ahal izateko, Espetxeetako Administrazioarekin hitzarmen bat egin beharra ezarri zuen, baina, urteotan, instituzioak ez du aukera aztertu ere egin nahi izan.

2004an, espetxean dauden ikasleen arretarako protokoloa onartu zuen aho batez EHUko Gobernu Kontseiluak. Espetxe Zuzendaritzarekin egin beharreko hitzarmenetarako eta edozein ikasle presori eman beharreko irakaskuntza zerbitzuak arautzeko protokoloa zen. Estatuaren abokatuak araudi horren aurkako helegitea jarri zuen EAEko Auzitegi Nagusian. Auzitegiak EHUren erabakia babestu zuen, baina Estatuaren abokatuak erabaki horri ere helegitea jarri, eta Gorenak hari eman zion arrazoi 2009an. EHUk protesta egin ondoren, unibertsitatearen autonomia babestu du azken erabakiak, protokoloa zilegi dela ebatzita.

Errektorea ez ezik, EHUko Ikasle Kontseilua ere gustura dago epaiarekin. Orain gauzak «normaltzeko» eta Espetxeetako Zuzendaritzaren eta EHUren arteko hitzarmena ahalbidetzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.