EAEko Auzitegi Nagusiko Penaleko eta Zibileko Aretoak eskuin muturreko Manos Limpias elkartearen helegitea aintzat hartu eta Eusko Legebiltzarreko Mahaiko presidente Juan Mari Atutxaren (EAJ), presidenteorde Gorka Knörr (EA) eta bigarren idazkari Kontxi Bilbaoren (EB) aurkako kereilarekin aurrera segitzea erabaki ostean zalaparta handia sortu da.
Batetik, Candido Conde-Pumpido Espainiko fiskal nagusiak auzia instruitu zuen epailearen artxibatze erabakia onartzeko jarrerari eustea erabaki du. Fiskal nagusiak atzo jakinarazi zuen ez duela Legebiltzarreko mahaikideen aurkako akusaziorik aurkeztuko, eta, areago, absoluzioa eskatzen duten ondorioak aurkeztuko dituela auzian. Horren haritik, Jose Antonio Alonso Espainiako Barne ministroak adierazi du Conde-Pumpidok "zintzo" eta "oinarri juridiko arrazionalei" kasu eginez jokatu duela auzian.
PPk, ostera, gogor kritikatu du fiskal nagusiaren jarrera, eta haren dimisioa eskatu du. Halaber, Espainiako Justizia ministroak Kongresuan gai horri buruzko azalpenak emateko agerraldia egin dezala eskatu du, baina Mahaiak atzera bota du galdegite hori. PPrekin batera EAJ izan da agerraldi horren aurka agertu den beste alderdia, eta EA abstenitu egin da.
EA eta EBren kritika
EAk eta EBk, berriz, kritikatu egin dute EAEko Auzitegi Nagusiak kereilarekin aurrera jarraitzeko hartutako erabakia. Rafa Larreina EAko Legebiltzarreko taldearen bozeramaileak esan du ez dela onargarria "inor ordezkatzen ez duen" Manos Limpias bezalako elkarte bati halako indarra , eta, ondorioz, "bizitza politikoa irizpide demokratiko zalantzagarriekin baldintzatzeko" gaitasuna ematea.
Areago, Javier Madrazo EBko koordinatzaile nagusi eta Jaurlaritzako Etxebizitza sailburuaren iduriko, "mendeku politikoa" dago EAEko Auzitegi Nagusiak hartu berri duen erabakiaren azpian. "PP eta PSOE kasu honetako hariak mugitzen aritu dira interes elektoralengatik, gatazka politikoa areagotzeko asmoz", azpimarratu du.
Espainiako Alderdien Legearen bidez Batasuna ilegalizatu ostean piztu zen afera. Espainiako Auzitegi GorenakSA Sozialista Abertzaleak taldea desegiteko agindu zion Eusko Legebiltzarrari, baina Mahaiak uko egin zion Legebiltzarreko araudiaren arabera halakorik egitea ez zela posible argudiatuta. Hortik abiatu zen Atutxa, Knörr eta Bilbao mahaikideen aurkako kereila, desobedientzia egotzita.
Joan den abenduaren 28anNekane Bolado epaile instruktoreak auzia artxibatzea erabaki zuen.
'Atutxa auzia'
Espainiako fiskal nagusiak "zintzo" jokatu duela iritzi dio Alonso Barne ministroak
'Atutxa auziaren' inguruan Candido Conde-Pumpido Espainiako fiskal nagusiak "zintzo" eta "oinarri juridiziko arrazionalei" kasu eginez jokatu duela iritzi dio Jose Antonio Alonso Barne ministroak. Izan ere, EAEko Auzitegi Nagusiko epaile instruktore Nekane Boladok SA desegiteari uko egin ziotelako Atutxa, Knörr eta Bilbao Eusko Legebiltzarreko mahaikideen aurka abiatutako auzia artxibatu zuenean, Conde-Pumpidok onartu egin zuen erabaki hura, eta jarrera berari eutsi zion atzo, aipatu auzitegiko Penaleko eta Zibileko aretoak Bolado epailearen ebazpena atzera bota zuela jakitean. PPk gogor kritikatu du fiskal nagusiaren jokabidea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu