Espainiako Gobernuak atzera egin du ostalaritzaren itxieraren auzian

Erkidego bakoitzak erabaki ahalko du zer egin ostalaritzarekin, gaur Estatuko Aldizkari Ofizialean jasotakoaren arabera.

Euskal Herriko taberna baten barruko aldea. IÑIGO URIZ / FOKU
2021eko ekainaren 5a
16:30
Entzun

Espainiako Gobernuak eta Eusko Jaurlaritzak asteon ostalaritzaren itxieraren inguruan izan dituzten tira-birek ezustekoa izan dute larunbat honetan. Espainiako Aldizkari Ofizialak gaur jaso duen xedapenean ez da polemikaren abiapuntu izan zena ageri, hau da, 150eko intzidentzia tasa gainditzen duten erkidegoetan tabernen barnealdea itxi beharra. Aldiz, argitaratutako xedapenak beste agiri batera egiten du erreferentzia, eta azken horretan zehazten da erkidego bakoitzaren esku egongo dela erabakia.

Hortaz, Eusko Jaurlaritzak erabakiko du tabernetan zer neurri ezarriko dituen, eta, beraz, momentuz ez da aldaketarik izango. Aldizkarian argitaratutako agindu zehatzaren berri izan ondoren, Jaurlaritzak, larunbat goiz honetan, berretsi du ostatuen eta denden gaineko erabakiak hartzeko eskumen guztiak bereak direla, eta ez dituela aldatuko maiatzaren 31ko Labi batzordeak hartutako neurriak, oraingoz.

PSE-EEk seinalatu du Aldizkari Ofizialean argitaratutako ñabardura horrek «bide ireki bat» planteatzen duela, eta euskal sozialistek planteatutako kontsentsurako proposamenetik etorri dela. Prentsa ohar bat zabaldu dute, esateko aldaketa horrek Espainiako Gobernuaren koordinazio ahalmena mantenduko duela, eta, aldi berean, erkidegoen eskumenak errespetatu eta onartzen dituela.

Oreka zaila izan du PSEk azkeneko egunetan, aldi berean Eusko Jaurlaritzan eta Espainiako Gobernuaren parte izanik. Erkidegoen arteko bilera egin zutenetik bi egun joan dira agindua Aldizkari Ofizialean argitaratu den arte, eta horrek berak adierazten du aldizkarian agindua idazteko moduari buruz izan den eztabaida.

Asteazken arratsaldean bildu zen Espainiako Lurralde Arteko Osasun Kontseilua. Gobernuaren ordezkariek proposatu zuten 150 kasu positiboko intzidentzia metatua zuten lekuetan tabernen barrualdeak itxi beharko zirela. Jaurlaritzako ordezkariek haserre hartu zuten erabakia, gobernua erkidegoen eskumenak beretzat hartzen ari zelako kexu.

Hurrengo egunetan, tentsioak gora egin du, eta Iñigo Urkullu lehendakaria agindu hori ez betetzeko prest agertu da, ostatuei buruzko erabakiak Labiri dagozkiola errepikatuz. Espainiako Gobernuko ministro batek baino gehiagok errepikatu dute Madrilgo agindua bete beharrekoa izango zela, nahi izan ala ez. Baina larunbat honetan Aldizkari Ofizialean argitaratutako aginduak, azkenean, eman du agindu horri izkin egiteko zirrikitua.

Neurriak, bere horretan

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako tabernetan, beraz, neurriok jarraituko dute indarrean: gauerdira arte irekita egongo dira, debekatua egongo da zutik edo barran jatea eta edatea, lauko taldetan egon beharko da gehienez, eta metro eta erdiko tartea beharko da pertsonen artean. Egun, Bizkaian eta Gipuzkoan 200 kasutik gorako intzidentzia metatua daukate; Araban, 154koa da.

Nafarroako Gobernuak iskanbilarik gabe onartu ditu asteazkenean erkidegoen arteko bileran proposatutako neurriak. Tabernen barrualdeak 23:00etan eta terrazak 01:00etan itxi behar dira han. Udalek araudiak mugatu ditzakete —terrazen kasuan, ordubetez luzatu ere egin dezakete—. COVID-19arengatik terraza jartzeko baimena duten ostatuen kasuan, berriz, 23:00etan itxi behar dute. 135eko intzidentzia metatua dute Nafarroan orain; Espainiako Gobernuaren agindua indarrean jarriko balitz, bere horretan agindu bezala, Nafarroako ostatuek soilik ireki ahalko lituzkete barrualdeak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.