Euskal presoak

Espainiako Gobernuak dio preso batzuei "omenaldiak" egin zaizkiela eta delitua egon daitekeela

'Parot doktrina' bertan behera utzi ostean aske atera diren preso batzuei "omenaldiak" egin zaizkiela uste du Gallardonek, eta jakinaren gainean jarri du fiskaltza. Urkijok gauza bera egin zuen atzo.

2013ko azaroaren 28a
14:05
Entzun

Espetxetik irten berri diren preso batzuei "omenaldiak" egin zaizkila dio Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroak, eta "delitu zantzuak" ikusi dituenez, Fiskaltza jakinaren gainean jarri duela azaldu du. "Sumingarria" eta "gaitzesgarria" da, bere esanetan, euskal preso horiek "omenaldiak" egitea. Gobernuaren ustez "delitu zantzu nabarmenak" gertatu dira, baina, azaldu duenez, orain Fiskaltzaren esku dago haiek aztertu eta beharrezko ikusten badu diligentziak abiatzea.

Carlos Urkijo Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariak atzo egindako adierazpenen atzetik datoz Gallardonenak. Urkijok, azken egunetan euskal presoei egindako bi "omenaldiren" berri eman dio Auzitegi Nazionaleko fiskalari, ekitaldi horietan "biktimak umiliatu" dituztelakoan eta "terrorismoa goratu" dutelakoan.

Bi kasu zehatz jarri ditu mahai gainean: Urkijok dio Juan Ignacio Delgado preso ohia "omendu" zutela Legazpin asteartean, eta Javier Martinez, atzo, Usansolon.

Urkijok uste du ezker abertzaleak "iruzurra" egin duela "beste behin", eta "demokratei" eskatu die "ahalegin berezi bat" egiteko "garaituak eta garaileak" izango dituen kontakizun bat garatzeko.

Eta abixua eman du: presoekin lotutako ekitaldiak "zelatatzen" jarraituko dutela esan du. Horrekin batera, jakinarazi du Donostian igandean Sevillako presoen eskubideen alde egingo den manifestazioa debekatzeko eskatuko duela.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.