Espainiako Gobernuak «egiaztatu» nahi du ezker abertzalearen jarrera

Caamañok dio EAren eta Alternatibaren zerrenden kontra egingo dutela, «ETArekin zerikusia duten pertsonak sumatuz gero»Ezker abertzalearen ahaleginak «estimulatu» behar dira, Jauregiren ustez

jokin sagarzazu
2011ko urtarrilaren 18a
00:00
Entzun
Ezker abertzaleak indarkeriarik gabeko testuinguru bat lortzeko bidean «ahaleginak» egiten ari dela uste du Espainiako Gobernuak, eta, Presidentetzako ministro Ramon Jauregik azaldu duenez, ahalegin horiek «estimulatu» nahi ditu Gobernuak. «Hori da jarrerarik inteligenteena. Ebidentzien aurrean ezin da beste aldera begiratu», nabarmendu du. Hala ere, maiatzeko udal eta foru hauteskundeetan ezker abertzalearen zerrendarik ez dela izango uste du. «Indarkeria behin betiko amaitu arte edo Batasunak ETArekin hautsi arte ez dute aukera izango demokrazian sartzeko».

Horren haritik mintzatu da Espainiako Gobernuko Justizia ministro Francisco Caamaño. «Itxurak egitea ez du nahikoa izango ezker abertzaleak hauteskundeetan aurkezteko; frogak behar dira», adierazi du. Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako eledunak, berriz, ezker abertzaleari ohartarazi dio legea betetzea ez dela aski izango. «Legeen espiritua ere bete behar da», nabarmendu du.

Jauregi eta Caamaño bat datoz azken egunetan Espainiako Gobernuko iturriak aipatuz zenbait komunikabidek argitaratu duten informazioekin. Jauregik berak baieztatu duenez, ezker abertzalearan jarrera «benetakoa dela egiaztatu» nahi du Jose Luis Rodriguez Zapateroren Gobernuak; prozesu horrek, baina, «luze» jo dezakeela adierazi du.

Ezker abertzalearen barruan aldaketa igarri duela esan du Francisco Caamañok ere: «Ziur aski, bilakaera prozesu bat hasten ari dira, eta gauza batzuk aldatzen hasi dira». Aldaketa hori «norabide onekoa» dela gaineratu du, baina bilakaera hori ez dela «behar bestekoa» izan nabarmendu du. «Oraingoz, noranzko onean doazen jarrerak ikusi ditugu, baina bide handia geratzen da oraindik ibiltzeko».

«Ez da nahikoa. Ez da urrats definitiboa». Hitz horiek erabili ditu orain arte Espainiako Gobernuak ezker abertzaleak eginiko urratsei erantzuteko orduan. Hala izanik ere, alderdi sozialistako kideak arreta handiz jarraitzen ari dira euskal independentismoaren barrenean ematen ari diren mugimenduak. Indar subiranisten arteko akordio estrategikoak, batetik, eta ezker abertzaleak alderdi politiko berri bat erregistratzeko agertu duen asmoa, bestetik, hauteskundeen gaia ekarri dute mahai gainera.

Espainiako Gobernuak jada adierazi du orain arte eduki duen jarrerari «tinko» eutsiko diola. «Ezker abertzaleak hauteskundeetan parte hartu nahi badu, ETAk bertan behera utzi behar du bere jarduna», berretsi du Jauregik. Buruzagi sozialistak, baina, nabarmendu du erakunde armatuak erabaki hori har dezan ezker abertzaleak paper garrantzitsua joka dezakeela.

Jauregiren ustez, «azken hiru urteetan» Espainiako Gobernuak «egiaztatu» ahal izan du ezker abertzaleak «urrats positiboak» egin dituela bide horretan. «Lanean ari da indarkeriari gabeko testuinguru bat lortzeko. Bat egin dezakegu edo ez haiek egin duten diseinuarekin edo izan ditzaketen interesekin, baina garrantzitsua da indarkeria amaitzeko bidean lanean ari direla».

Jose Luis Rodriguez Zapateroren albokoaren iritzian, egoera horren inguruan bi modutan jokatzen ari da Gobernua. «ETA amaitu arte ez duela estrategiaz aldatuko esaten dio ezker abertzaleari. Era berean, indarkeria amaitzeko edo ETArekin behin betiko hausteko ezker abertzaleak egiten dituen urratsak estimulatzen ari da».

Maiatzeko hauteskundeez galdetuta, baina, buruzagi sozialistak uste du ezker abertzaleak ezin izango duela bozetan aurkeztu. «ETAren adierazpenean antzeman daiteke jarraitzeko asmoa duela. Beraz, ezin da esan indarkeria desagertu denik. Zoritxarrez hala da». Hori hala, Jauregik dio ETA amaitu arte edo ezker abertzaleak harekin hautsi arte Espainiako Gobernuak ahaleginak egingo dituela ezker abertzaleak hauteskundeetan parte hartu ez dezan. Horren harira esan du hauteskundeen ondorengo egoeran «frogatuko» dela ezker abertzalearen jarrera benetakoa den edo ez.

Hauteskundeekin kezkatuta

Espainiako Justizia ministro Francisco Caamañok ere baieztatu du ETArekin «hausturarik» gauzatzen ez bada Espainiako Gobernuak ezker abertzalearen zerrenda guztiak inpugnatuko dituela. Indar subiranistek herenegun aurkeztutako akordio estrategikoa hizpide, Caamañok gaineratu du EAren eta Alternatibaren zerrendak ere aztertuko dituztela. «ETArekin zerikusia duten pertsonak daudela sumatuz gero, haien kontra egingo dugu».

PPren buruzagiek, bestalde, mezua bidali diote Gobernuari. «Orain arteko politikari eusteko» eskatu dio PPren presidente Mariano Raxoik Zapaterori. Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidentearen irudiko, berriz, «hauteskundeei begira» eman du su-etena ETAk.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.