Koronabirusa

Espainiako Gobernuak espetxe politika leundu dezala exijitu dute lau taldek

Salhaketak, Etxerat-ek, Altsasuko Gurasoak taldeak eta Sare Herritarrak elkarteak eskea egin diote Nafarroako alderdiei, sindikatuei eta gizarte eragileei zein gizarte osoari Madrilek bete ditzala Osasunaren Mundu Erakundearen eta Europako Kontseiluaren Torturaren Prebentziorako Batzordearen gomendioak

Salhaketa elkarteak Iruñean, otsailean, egindako elkarretaratzea. IñIGO URIZ / FOKU
joxerra senar
2020ko apirilaren 22a
11:18
Entzun

Martxoaren 12an, Espainiako Gobernuak konfinamendua ezarri aurretik, Espetxeetako Idazkaritza Nagusiak zera erabaki zuen: espetxeak bakartzea eta soilik funtzionarioei uztea barrura sartzen. "Orduz geroztik Espainiako Estatuko 70 erakunde sozialek baino gehiagok behin baino gehiagotan eskatu dugu, beste neurri batzuen artean, presoak aska ditzatela, hori baita neurririk onena COVID-19aren kutsatzeei aurrea hartzeko eta presoen osasunerako eta bizitzarako eskubidea bermatzeko".

Giza eskubideen arloko Nafarroako lau taldek (Sare Herritarrak, Etxerat, Salhaketa eta Altsasuko Gurasoak) agiri bateratu bat kaleratu dute gizarte osoari dei berezi bat eginez, egungo osasun krisian Espainiako Gobernuak espetxe politika alda dezan. Beste estatu batzuk presoak askatzeko neurriak hartu dituzte, eta Espainiako Estatuak norabide hori hartu ez izanari "tamalgarri" deritzote. Espetxeak bakartzeak, praktikan, "presoen eta haien gertukoen eta familien arteko komunikazioa murriztea ekarri du, eta bertan behera gelditzea barruko jarduera guztiak, tratamendukoak barne".

Osasunaren Mundu Erakundeak eta Europako Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Batzordeak gomendatu dute, besteak beste, estatuek lehentasuna eman diezaiotela espetxeetako populazioa murrizteari, eta zigorraren alternatiba diren neurriak hartzeari, aske utziz ezaugarri jakin batzuk dituzten presoak, arrisku txikiko profila dutenak: hala nola COVID-19aren dela-eta arrisku berezia duten eta gaixotasun larriak dituzten presoak, adinekoak, haurdun diren emakumeak eta beren ardurapean seme-alabak dituztenak... Nazioarteko erakundeok ez ezik, Nazio Batuen goi komisarioak eta Europako Giza Eskubideen gaietarako komisarioak ere eskatu diete gobernuei lehenbailehen aska ditzatela preso horiek.

"Ez da egokia"

Oraingoz, Espainiako Gobernuak ez du inongo urratsik egin. "Gure ustez, ez da egokia hala jokatzea, eta luze gabe ondorio ikaragarriak izan ditzake". Horregatik, dei berezia egin diote Nafarroako alderdi, sindikatu eta gizarte eragileei eta, oro har, gizarte osoari, Espainiako Gobernuari eska diezaioten urratsak egin ditzala eta osasun krisi honetan hartu duen erabakia leundu dezala. "Lehenbailehen diseina eta gauzatu dezan espetxe politikaren arloko neurri plan bat, eta haren bidez bideratu OMEk eta Europako Kontseiluko Torturaren Prebentziorako Batzordeak gomendatutakoa".

Agirian gogorarazten dutenez, espetxe arloko legediak "tresna egokiak" ditu "presoak espetxetik modu kontrolatuan ateratzeko plana bideragarria izan dadin". Uste dute horixe ahalbidetzen dutela, zehazki, espetxeetako araudiaren 86.4. eta 100.2. artikuluek: "Horrek lasaitasuna ekarriko luke kartzeletara, eta aukera emango luke pandemia honen hedatzearen ondorioei aurre egiteko", azaldu du agiriak.

Kartzelan preso jarraituko luketen presoen kasuan, eskatu dute berma dadila euren senide eta gertukoekiko komunikazioa, "bideo konferentzien doako sistema abian jarriz". Halaber, galdegin dute bisitak berriro abian jar daitezela: "Horretarako, beste espetxeetara joan-etorriak egitea baimendu beharko da, edo sorterritik gertuko kartzeletara eraman preso nafar guztiak edo Nafarroan errotuta daudenak". Gogora ekarri dutenez, Nafarroako Parlamentuak gehiengoz onartu ditu presoen urruntze eta sakabanaketa neurriak bertan behera uztea. "Azkenik, eskatzen dugu espetxe barruko jarduerak berriz ezar ditzatela, betiereko osasuna bermatuz".

Lau elkarteek (Sare Herritarrak, Etxerat, Salhaketa eta Altsasuko Gurasoak) uste dute "borondate politikoak" agintzen duela auzi honetan. "Borondate politikoak herritar guztien osasunaren eta bizitzaren zerbitzura egon behar du, baita presoen kasuan ere".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.