Espainiako Gobernuak ez du euskal presoen aurkako espetxe politika aldatzeko asmorik. «Hori soilik planteatuko genuke ETA desegingo balitz », esan du Jorge Fernandez Diazek, Espainiako Barne ministroak. ETAren indarkeriaren amaierak ez duela bueltarik uste duen arren, ez du alor horretan pausorik emateko beharrik ikusten. «Denborak arrazoia eman digu eredu hau babestu dugunoi, ETArekin negoziatzen ez dugunoi, eta ez beste bide bat defendatu dutenei».
ETAk bere jardun armatuarenamaiera iragarri zuenetik igaro diren hamar hilabeteei buruzko irakurketa egin du Fernandez Diazek, Efe berri agentziari eskainitako elkarrizketa batean. Ondorioztatu duenez, «Espainiako gizartea, Poliziak eta Guardia Zibilak garaitu dute ETA». Hala ere, orain ETA «desegitea» nahi dutela eta haren porrotaren aitortza nahi dutela adierazi du. «ETAren indarkeriaren amaierak ez du bueltarik, eta orain onartu egin behar du garaitua izan dela. Ekintzak bertan behera utzi baditu, orain desegin egin behar du», esan du.
Fernandez Diazek berretsi egin du, halaber, ez dutela hitz egingo ETArekin gatazkaren ondorioei buruz, Aieteko Adierazpenaren bigarren puntuan jasota zegoen moduan. «Euskal gatazkaren diagnostiko erratua da hori», esan du.
Horren harira Espainiako Barne ministroak Irlandako gatazka ekarri du gogora, eta nabarmendu du han «negoziatu» egin zutela IRArekin eta orain talde disidente batzuk elkartu egin direla ekintza armatura itzultzeko. IRA ez ezik, Italiako Brigada Gorrien kasua ere gogoratu du Fernandez Diazek, eta Italiako Gobernuak kasu horretan jarraitu zuen bidea defendatu du. «Hau da, lehenengo desegin behar du talde armatuak, eta gero gobernuak ezarritako gizarteratze neurriak onartu behar dituzte presoek».
Espainiako Gobernuaren «gizarteratze» planari dagokionez, Fernandez Diaz «baikor» azaldu da. Uste du euskal presoek onartu egingo dutela, baina adierazi du «denbora» beharko dutela, «neurri kolektiborik ez dela izango onartzeko». «Denbora eman behar zaie presoei, negoziaziorik izango ez dela onar dezaten. Beste gauza batzuetan pentsatzea utopia da», adierazi du.
Hori dela eta, Barne ministroak uste du «ETA desegiteko unea» dela. «Horrek asko erraztuko luke dena. Presoak ez lirateke presiopean egongo». Era berean, esan du erabaki horrek eragina izango lukeela espetxe politikan.
Bildu eta Amaiur, zainduta
Bestalde, Fernandez Diazek adierazi du «gertutik» zaintzen ari direla Bildu eta Amaiurren jarduna. Sorturen legeztatzea ekarri zuen Espainiako Auzitegi Konstituzionalaren epaia gogoratu du, eta esan du bi koalizio horiek epaiak ezarritako «lerro gorriak» pasatzen badituzte legez kanpo gera daitezkeela.
Estrasburgoko Auzitegiak Parot doktrinaren aurka kaleratutako epaia ere aipatu du Fernandez Diazek. Erabaki horrek biktimei «irain» egiten diela esan du, eta espero duela auzitegiak atzera egitea.
Espainiako Gobernuak ez du aldatuko espetxe politika, «ETA desegin arte»
Fernandez Diaz Barne ministroak dio ez dela negoziaziorik izango eta ETAk bere porrota onartu behar duela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu