Euskal presoak

Espainiako Gobernuak Zabaletaren eta Ugarteren harrerak ikertzeko eskatu dio Fiskaltzari

Sanchezen gobernuak "autokritika" eskatu dio ezker abertzaleari, eta salatu du "iraingarriak" direla euskal presoen harrera ekitaldiak "terrorismoaren biktimentzat eta gizartearentzat".

Jose Jabier Zabaleta 'Baldo', larunbatean, Hernanin. JON URBE, FOKU
2019ko uztailaren 29a
07:19
Entzun

Pedro Sanchezen jarduneko gobernuak Espainiako Fiskaltzari eskatu dio iker ditzala Jose Jabier Zabaleta Baldo eta Xabier Ugarte euskal presoei Hernanin eta Oñatin egindako harrera ekitaldiak. Madrilek ohartarazi du "onartezinak" direla horrelako ekitaldiak, "iraingarriak direlako terrorismoaren biktimentzat eta gizartearentzat". Zabaleta larunbatean irten zen libre, Zuerako kartzelatik (Zaragoza, Espainia), espetxean 29 urte egin ondoren, eta arratsaldeko lehen orduan harrera egin zioten Hernani jaioterrian(Gipuzkoa). Ugarteri, berriz, Oñatin (Gipuzkoa) egin zioten harrera, igandean; 22 urteko zigorra bete ondoren atera zen Topasko kartzelatik (Salamanca, Espainia).

Espainiako Gobernuaren iritziz, euskal presoen harrera ekitaldiak "ezin dira omenaldi publiko bilakatu, presoaren aitorpen bat egin eta haren krimenak legitimatzen" direlakoan: "Ezker abertzaleak autokritika egin behar du, eta goratze ekitaldi hauek sustatzeari utzi, biktimei eta haien familiei min erantsi bat eragiten baitie". Besteak beste, PPko eta Ciudadanoseko buruek ere kritikatu dituzte ekitaldi horiek, eta AVTk ere jakinarazi du salaketa jarri duela Espainiako Auzitegi Nazionalean.

Eusko Jaurlaritzako Giza Eskubide eta Bizikidetza idazkari Jonan Fernandezek ere gogora ekarri du Iñigo Urkulluren gobernua beti agertu dela halako ekitaldien aurka, modu "irmoan". "Ulertzen dugu ETAko preso ohiei egindako harrerek biktimengan eta elkarteengan sortzen duten mina eta haserrea, eta bat egiten dugu sentipen horiekin", esan du Fernandezek: "Ekitaldi hauen legaltasunaren inguruko ebazpenetatik harago, bizikidetzaren inguruko eskari etiko baten aurrean gaude. Halako ekitaldiak bateraezinak dira etorkizunera begiratzearekin, etikan oinarritutako bizikidetzarekin, giza eskubideekin eta biktimen eskubideen errespetuarekin".

EAJko diputatu Aitor Estebanek ere gogor kritikatu ditu ekitaldiok, sare sozial baten bidez. Haren hitzetan, "krudeltasunaren eta moralaren absentziaren sintoma" dira halakoak: "ETAk eragindako minak ondorioak izaten jarraitzen du. Ezker abertzaleak jarraitzen du onartu gabe guztion giza eskubideak errespetatzetik hasten dela demokrazia".

Zabaleta 1990eko irailean atxilotu zuten, Miarritzen (Lapurdi), ETArekin lotuta. Zortzi urteko zigorra jaso zuen Frantzian, eta, ondoren, Espainiaratu egin zuten. Auzitegi Nazionalak hainbat kondena ezarri zizkion, ETAren arma eta lehergai batzuekin eta pare bat atentaturekin zerikusia izan zuelakoan. Duela 43 urte egin zuen ihes jaioterritik, eta Ipar Euskal Herrian egon zen iheslari moduan, Frantziako Poliziak orain dela ia 30 urte atzeman zuen arte. Ugarte, berriz, 1997ko uztailean atxilotu zuten Oñatin, eta Auzitegi Nazionalak hainbat zigor jarri zizkion, atentatu batzuekin lotuta.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.