Indarkeria matxista

Espainiako Gobernuak Zigor Kodea moldatzea proposatuko du sexu delituak zehazteko

Carmen Calvo Espainiako presidenteordeak azaldu duenez, ondorengo irizpidea txertatu nahi du gobernuak legedian: "Emakume batek bai esaten ez badu, gainerako guztia ez da".

Carmen Calvo Espainiako presidenteordea, atzo, hedabideen aurreko agerraldian, Moncloa jauregian. BALLESTEROS, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko uztailaren 10a
07:09
Entzun

Espainiako Gobernuak Zigor Kodea eta Prozedura Kriminalaren Legea moldatu nahi ditu, sexu erasoekin lotutako delituak zehaztu eta argitzeko. Proposamenaren helburua da delitu diren gertaerak, epaileen interpretazioen eraginez, delitu gisa ez epaitzeko arriskua murriztea. Nafarroako Auzitegi Nagusiak 2016ko Iruñeko sexu erasoa "abusua" izan zela ebatzi zuela-eta sortu zen erantzun herritar ozenaren ondoren adierazi zuen Pedro Sanchez Espainiako presidenteak Zigor Kodea moldatzea egokia izan zitekeela. Gobernuak hala egitea proposatuko duela jakinarazi du, gaur, Carmen Calvo presidenteordeak.

Gobernuaren proposamena Suediako Parlamentuak maiatzean onartu zuen moldaketaren antzekoa izango dela aurreratu du Calvok. Suediako legediak bortxaketatzat jotzen du emakumeen berariazko onarpenik ez duen edozein sexu harreman. "Hor dago babestuta [emakumearen] autonomia, askatasuna eta bere pertsonarekiko eta sexualitatearekiko errespetua", adierazi du Calvok.

Zigor Kodea eta Prozedura Kriminalaren Legea moldatzeko, jurista fiministen parte hartzea bultzatuko du gobernuak.

Horrez gain, Espainiako Gobernuak indarkeria matxistari aurre egiteko "ahalegin handiagoa" iragarri du aurrekontuetan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.