Espainiako Gobernuaren esanetan, "ongi" dago ETAk biktimei barkamena eskatzea

ETAren aderazpena "zuzenbide estatuaren indarraren ondorioa besterik ez" dela adierazi du PPren gobernuak.

Mariano Rajoy Espainiako presidentea, joan den martxoan, Espainako Ministroen kontseiluaren bileran. EMILIO NARANJO, EFE
Gorka Berasategi Otamendi.
2018ko apirilaren 20a
06:41
Entzun

Espainiako Gobernuak baikor hartu du ETAk eragindako minari buruz argitaratu duen agiria. PPren gobernuaren esanetan, "ongi dago ETAk biktimei barkamena eskatzea, biktimak, haien memoria eta haien duintasuna erabakigarriak izan direlako ETAren porrotean".

Espainiako Gobernuaren iritziz, "duela denbora asko" eskatu behar zuen barkamena ETAk "era zintzo eta baldintzarik gabean", bere ibilbidean eragin duen minarengatik.

ETAk orain hala egin izana "zuzenbide estatuaren indarraren ondorioa besterik ez" dela ziurtatu du Madrilek. Haren hitzetan, estatuak "demokraziaren armekin" garaitu du ETA.

Pedro Sanchez PSOEko idazkari nagusiak, berriz, nabarmendu du ETAren adierazpena "behin betiko bakerako behar zen urrats handia" dela. Biktimak eta haien senideak hartu ditu gogoan. "Bide gogorra eta luzea izan da", adierazi du.

Biktimak

ETAk biktimei zuzendu die bere mezuaren zati bat. "Errespetua" agertu die guztiei, eta eragindako mina "zinez sentitzen" duela adierazi die. Halaber, "barkamena" eskatu die "gatazkan parte hartze zuzenik ez zuten" biktimei. ETAren adierazpenak aztertu dituzte zenbait biktimak eta biktima elkartek.

Rosa Roderoren hitzak jaso ditu Euskadi Irratiak, gaur goizean. Joseba Goikoetxea ETAk hildako Ertzaintzako sarjentuaren alarguna da Rodero. Haren iritziz, ETAk barkamena eskatu izana "positiboa" da, eta "ongi" iruditzen zaio, baina desegokia iruditu zaio gatazkan modu zuzenean parte hartu zuten eta ez zutenen arteko bereizketa egin izana. Haren esanetan, "gertatutakoa gertatu da jada". Roderok "etorkizunari" begiratzen diola adierazi du, eta bere kezka hurrengo belaunaldiak direla ziurtatu du. "Ez dadila berriro gerta". ETAren adierazpena haren desgerpenerako eta bakerako aurrerapausoa dela nabarmendu du.

Consuelo Ordoñez Covite biktima elkarteko presidenteak kritikatu egin du ETAren adierazpena. Etekina atera nahi izatea leporatu dio erakundeari. "Biktimak banatu" dituela adierazi du Ordoñezek, "gatazkan parte hartze zuzenik ez zuten" biktimei soilik barkamena eskatu diela eta. "Barkamen selektiboa ez da barkamena", salatu du. Ordoñezen iritziz, ETAk "hitzetatik ekintzetara" igaro beharko luke, eta "argitu gabe dauden hilketak argitzen lagundu eta hiltzaileak goratzeari utzi".

AVT biktima elkarteak ere gaitzetsi egin du ETAren agiria. Haren esanetan, ETAk "bere jardun terrorista justifikatu du beste behin", eta ez du inolako autokritikarik egin. Horrez gain, salatu du ETAk bere ekintzen gaineko "ardura kolektiboa" hartu duela bere gain; ez, ordea, "argitu gabe dauden atentatuak argitzen lagunduko lituzketen norbanakoen ardurak".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.