euskara

Espainiako Hezkuntza ministroa hizkuntza akademien arteko lankidetzaren alde agertu da

Jose Ignacio Wertek esan du RAEren eta Euskaltzaindiaren arteko elkarlanak "fruituak" eman dituela dagoeneko. 'Euskarari gorazarre' jardunaldiak egiten ari dira Madrilen, eta gaur ekitaldi ofiziala egin dute.

2012ko martxoaren 14a
18:04
Entzun 00:00:0000:00:00

Jose Ignacio Wert Espainiako Hezkuntza ministroak azpimarratu du RAE Espainiako Errege Akademiaren eta Euskaltzaindiaren arteko lankidetzak "fruituak" eman dituela, eta bide horretatik jarraitzeko deia egin du. Elkarlan hori garatzeko "hutsetik" ez direla hasiko nabarmendu du, eta Resurreccion Maria Azkuek eta Ramon Menendez Pidal akademietako sortzaileek egindako lana goraipatu du. 

Euskaltzaindiak, Etxepare Euskal Institutuak eta Euskalerriaren Adiskideen Elkarteak antolatutako Euskarari gorazarre jardunaldien barruan euskara omentzeko ekitaldia egin dute gaur Madrilen. 

Tartean izan dira, Espainiako Errege Akademiako, Galiziako Errege Akademiako eta Institut d'Estudis Catalanseko ordezkariak, baita euskal ordezkari politiko eta akademikoak ere.

Andres Urrutia euskaltzainburuak nabarmendu du akademiaren xede nagusia "hizkuntza arautzeaz batera, euskararen berearen erabilera sustatzea" dela. Haren arabera, oinarrizkoak dira hizkuntza-politikan eskumenak dituzten erakundeekiko eta gizarte eragileekiko harremana, beste akademiekiko harremana, teknologia berrien garapena, eta Euskaltzaindiaren kudeaketa zerbitzu publikora bideratzea. 

Arantza Quiroga Eusko Legebiltzarreko presidenteak esan du euskarak etorkizuna duela, eta "politikatik urruntzea" dela hura babesteko modurik onena.

Aizpea Goenaga Etxepare Institutuko zuzendariak, bestetik, adierazi du euskarak "elkarbizitza erraztu eta bideratzeko" balio duela. "Zerbait estimatzeko, lehenengoz ezagutu behar da", esan du. "Euskara ez da harresia, baizik eta zubia", gaineratu du.

Henrike Knörr Euskaltzaindiako kide zena ere omendu dute ekitaldian, eta bere familia bertan izan da. Jose Luis Lizundia Euskaltzaindiko diruzainak eta Jose Antonio Pascual Espainiako Errege Akademiako zuzendariordeak ekarri dute gogora.

Blanca Urgell Jaurlaritzako Kultura sailburuak ez du Madrilen egoterik izan. Goenagak irakurri du haren idatzia. Euskararen historiari buruz zenbait zertzelada eman ostean, euskararen biziraupena egiaztatu du, "euskal gizarteak garai berrietan premia berriei egokitzeko beti erakutsi duen ahalmenari esker", esan du.

"Ekimenaren helburua Madrilen euskarari gorazarre egitea da, azken urteotan euskalgintzan eman diren aurrerapausoak nabarmenduz, etorkizun handiko hizkuntza dela erakutsiz eta hizkuntzalaritzan eta literaturan goi-mailako emaitzak ematen ari dela adieraziz", adierazi zuten Etxepare Institututik jardunaldien aurkezpenean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.