Espainiako Gobernuak prestatu duen Hondakinen eta Lur Kutsatuen Legeak ez du administrazioa hondakin organikoak bereizita jasotzera derrigortuko. Ingurumen Ministerioak azken hilabeteetan atondu du legearen aurreproiektua, eta atzo ministroen kontseiluak onartu zuen.
Legeak aurreikusten du, besteak beste, hiri hondakinen %50 birziklatu egin beharko direla 2020an. Horren arabera, eta Europako araudiari jarraituz, 2015a baino lehen hondakinen gaikako bilketa egin beharko da —papera, plastikoa, beira eta metalak—. Eraikuntzako hondakinen kasuan, %70 berrerabiltzeko helburua jarri du Espainiako Gobernuak 2020rako.
Ministerioak onartutako aurreproiektuak hondakinen sortzea eta kudeaketa arautuko ditu datozen urteetan, eta autonomia erkidegoak nahiz udalak horretan oinarritu beharko dira beren arauak garatzeko orduan.
Besteak beste, hondakinen lege aurreproiektuak 2018. urtera bitarteko egutegi bat ezarri du erabilera bakarreko plastikozko poltsa biodegragarriak ordezkatzeko, eta 2015etik aurrera ingumenean duten eraginari buruzko mezua eraman beharko dute derrigor.
Espainian 1998an jarri zuten indarrean Hondakinen Legea aurreneko aldiz.
Ekologistak, legearen aurka
Greenpeace, Ekologistak Martxan eta Lurraren Lagunak erakunde ekologistek gogor kritikatu dute Espainiako Gobernuaren lege aurreproiektua, eta «etsita» agertu dira, Ingurumen Ministerioak «anbizio gutxi» izan duelako legea egiterakoan. Ekologisten arabera, ministerioak aurkeztu duen azken testuak «men egin die» autonomia erkidegoen eta industriaren «presioei». «Eta bizkarra eman die ingurugiroari eta herritarren interesei».
Parlamentura eraman beharko du gobernuak lege proiektua han onartua izan dadin. «Eta ez badute hobetzen, legeak jarraituko du sustatzen irteerarik gabeko bide bat, erabili eta bota-ren inkulturan oinarritutakoa».
Ekologistek diotenez, legeak «ez du egiten hondakinak gutxitzeko apustu garbia, eta anbizio gutxi erakusten du birziklapenaren alorrean». Besteak beste, salatu dute legetik desagertu egin dela biohondakinak jasotzeko obligazioa. «Hondakin organikoen jatorrizko bereizketa ezinbestekoa da konpostatzearen bidez kalitatezko ongarria lortzeko». Era berean, salatu dute errausketa «beste kudeaketa sistemen parean» kokatzen duela legeak.
Espainiako hondakinen legeak ez du behartuko zabor organikoa bereiztera
2020an materien %50 birziklatu beharko dela dio ministroen kontseiluak onartutako lege aurreproiektuak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu