Espainiako eguberrietako loteriak Hego Euskal Herrian Ondarroan (Bizkaia) utzi du diru gehien: 12,5 milioi euro. Hirugarren sariaren zati bat tokatu da hara —64.084 zenbakia—, eta 250 dezimotan dago banatuta, Aitor Arrizabalaga loteriako administrazioko saltzaileak jakinarazi duenez.
64.084 zenbakiaren 45 serie jaso zituen Arrizabalagak, baina hogei itzuli egin zituen, ez zirelako saldu —beste hamar milioi euro lirateke—.
Zenbakia Ondarroako kirol elkarte batek hartu zuen —honek ez du nahi izena zabaltzerik—, eta dezimoak herriko taberna batzuetan utzi zituen salgai.
Arrizabalagak esan duenez, Espainiako eguberrietako loteriak herrian utzitako saririk handiena izan da gaurkoa. Bederatzi mila lagun bizi dira.
Sari nagusiaren —76058— parte bat ere tokatu da Hego Euskal Herrian: Tuteran (Nafarroa), Bilbon eta Derion (Bizkaia) saldu dituzte zenbaki hori daukaten billeteak. Bakoitzeko 400.000 eurokoa da saria. Espainiako Estatuko leku askotan saldu dituzte zenbaki horretako billeteak.
Loteriaren webean ageri da Gasteizko saltoki batean ere saldu dutela dezimo bat, baina saltokiko arduradunak oraindik ez du berria baieztatu.
Ondarroara ez ezik, hirugarren sariaren zati batzuk ere heldu dira Donostia, Corella (Nafarroa) eta Tafallara (Nafarroa).
Bosgarren sari batzuk ere iritsi dira Hego Euskal Herrira (60na mila eurokoak): 11419 zenbakia Gasteiz, Iruñea, Buñuel (Nafarroa), Getxo (Bizkaia), Oiartzun (Gipuzkoa), Urretxu (Gipuzkoa) eta Donostian saldu dute, 22343 zenbakia Errenteria (Gipuzkoa), Elorrio (Bizkaia), Ortuella (Bizkaia), Basauri (Bizkaia) eta Bilbon, 22343 zenbakia Altsasun (Nafarroa), Iruñean eta Lasarte-Orian (Gipuzkoa), eta 49257.a Irunen (Gipuzkoa).
Hego Euskal Herriko herrialdeetatik, Bizkaian jokatu dute diru gehien Espainiako Loterian: 87,8 milioi euro; bizkaitar bakoitzako, 75,90 euro. Salmentak jaitsi egin dira, nolanahi ere.