Abiadura Handiko trena

Espainiako Ministroen Kontseiluak oniritzia eman dio gaur 'Euskal Y'-ren lanak egiten hasteko proiektuari

Espainiako Ministroen Kontseiluak oniritzia eman dio gaur 'Euskal Y'-ren lanak egiten hasteari. Urte amaieran lehenengo zortzi zatiei ekingo diete Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan. Lanak lau urte barru bukatuko dituzte eta ordurako 'Euskal Y'-ren laurdena egina egongo da. Egitasmoak 800 milioi euro pasako aurrekontua izango du. Eusko Jaurlaritzak "zorionak" eman dizkio Espainiako Sustapen Ministerioari eta elkarlanean aritzeko proposamena ere egin dio.

2004ko otsailaren 13a
20:02
Entzun
Lanak batera hasiko dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, lurralde bakarrean hasi beharrean. Zatirik motzena Bizkaikoa da, Basauriko eta Zornotza artekoa, 12 kilometrokoa. Luzeena Gipuzkoan izango da, Hernani eta Hernialde artean, 18 kilometrokoa. Azkenik, Araban 15 kilometrokoa egingo dute Arratzu eta Eskoriatza bitartean.

Zortzi zati egingo dira –guztira 46 kilometro– eta 814 milioi euroko aurrekontua izango du. Gutxi asko, 'Euskal Y'-ren laurdena egiten hasiko da Espainiako Sustapen Ministerioa, Espainiako Ministroen Kontseiluak oniritzia eman eta gero.

Espainiako Sustapen Ministerioak onartutako egitasmoaren arabera, lanak urte amaieran hasiko dira eta asmoa lau urtean bukatzea da. Zailtasunak direla eta, Basauri eta Zornotza arteko zatia izango da egiten azkena, 2008. urtean amaitzea espero dute.

Gipuzkoa eta Arabaren arteko loturak ere luze joko du, bost kilometroko tunela egin izan beharko dutelako Albertian, eta N-1aren gainean bostehun metroko altueran zubi-bidea egin beharko dutelako.

Espainiako Ministroen Kontseiluak egitasmoa ontzat eman du administrazio biak, Madrilgoa eta Gasteizkoa, ika-mikaka dabiltzanean. Hala ere, Eusko Jaurlaritzak "zorionak" eman dizkio Espainiako Sustapen Ministerioari, eta elkarlanean aritzeko proposamena egin dio Europan ere 'Euskal Y'-k lehentasuna izan dezan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.