Atxiloketak

Espainiako Poliziak hamar lagun atxilotu ditu gaur Gipuzkoan, kale indarkeria eragitea leporatuta

Oiartzunen, Errenterian eta Arrasaten egin ditu atxiloketak, gaur goizean. Jon Mikel Otxoa, Alex Etxeberria, Haizea Iriarte Urretabizkaia, Xabier Lujanbio, Harkaitz Antza, Gorka Etxeberria, Aitor Alberdi, Aitor Franco, Beñat Burlada Pego eta Josu Arruabarrena dira atxilotuak, Askatasunak esan duenez. Arrasaten beste hiru lagun atxilotu dituzte, Poliziari aurre egiteagatik, baina arratsaldean bertan libre utzi dituzte, Guardiako Epaitegitik pasa ostean. Oiartzunen Kataxulo gaztetxea miatu dute, Errenterian Landare elkartea eta Lezon Ibai-Ondo etxea.

2008ko apirilaren 18a
22:39
Entzun
Kale erasoak egin izan dituztelakoan, Espainiar Poliziak hamar gazte atxilotu ditu gaur goizean Gipuzkoan, Oiartzun, Errenteria eta Arrasate herrietan. 2005etik Lezon (Gipuzkoa), Oiartzunen eta Errenterian hogei bat kale eraso egitea egotzi diete. Poliziak denera hemezortzi miaketa egin ditu (etxeetan, elkarteetan...). Atxilotuak Madrilera eramango dituzte, Poliziaren egoitza, gero Auzitegi Nazionalaren esku uzteko.

Halaber, Arrasaten egindako operazioan, beste hiru lagun atxilotu dituzte, Poliziari aurre egiteagatik. Han egindako miaketan izan da gertaera.

Oiartzunen Jon Mikel Otxoa (21 urte) eta Alex Etxeberria Oiartzabal (23) atxilotu dituzte, goizeko lauetan. Askatasunak jakinarazi duenez, seiak arte iraun dute miaketek, eta bi gazteak atxilotuta eraman dituzte. Oiartzunen bertan beste etxe batera joan da Polizia baina, inor aurkitu ez dutenez, atea bota eta etxea miatu dute. Dirudienez, beste pertsona bat atxilotzen saiatu dira.

Errenterian Haizea Iriarte Urretabizkaia (27), Xabier Lujanbio (22), Harkaitz Antza (21), Gorka Etxeberria (23), Aitor Alberdi (22), Aitor Franco (20) eta Beñat Burlada (24) atxilotu dituzte, eta euren etxeak miatu dituzte.

Arrasaten Josu Arruabarrena (21) errenteriarra atzeman dute. Eskoriatzan (Gipuzkoa) ikasten du eta Arrasaten egiten du astea; han izan da atxiloketa.

Oiartzunen Kataxulo gaztetxea miatu dute, Errenterian Landare elkartea eta Lezon Ibai-Ondo etxea.

Miaketetan ordenagailuak, propaganda, afitxak, DVDak, Segiren dokumentazioa edota telefono mugikorrak atzeman dituela dio Poliziak.

Iazko uztailetik Poliziaren antzeko zazpigarren operazioa izan da gaurkoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.