Azaroaren 24an dituzte errektorea aukeratzeko hauteskundeak EHU Euskal Herriko Unibertsitatean. Hautagaitza bakarra izango da: Nekane Balluerkarena (Ordizia, Gipuzkoa, 1966); Graduondoko Ikasketen eta Nazioarteko Harremanen errektoreordea izan da azken lau urteetan, Iñaki Goirizelaiarekin. Psikologia katedraduna da. Balluerkak astelehenean bere webgunean eskegiko du bozetarako programa
Hautagai bakarra. Zergatik uste duzu ez dela besterik aurkeztu?
Hori galdetu beharko genioke kinka horretan egon eta aurkeztu ez denari. Nik nahiko nuke gutxienez beste pertsona bat aurkeztea, batez ere proiektuak kontrastatzeko eta eztabaidatzeko. Unibertsitate komunitatean aktibazioa lortzeko. Osasuntsua litzateke hautagaitza bat baino gehiago egotea. Baina ez dago nire esku. Nik erantzukizunez eman dut pausoa, eta bakarrik eman dut.
Konbergentzia bat lortu duzu, sektore ezberdinak erakartzea?
Baietz uste dut. Saiatu naiz diziplina oso desberdinetako pertsonak barneratzen taldean, eta ibilbide akademiko oso desberdinetakoak. Akademikoki pertsona batek begiratzen badu gure hautagaitza, leku batean edo bestean oso islatua ikus dezake bere burua.
Ivan Igartuaren fitxaketa horrela ulertu behar da? 2008an Marisol Estebanen zerrendan joan zen, Iñaki Goirizelaiaren kontra.
Igartuak ibilbide akademiko oso potentea dauka. Letren fakultatekoa da; fakultate handia da. Ardurak izan ditu Jaurlaritzan. Oso ondo egin dezake lana. Ez dut aukeratu Goirizelaiaren aurkako taldeko kide izan zelako, baizik fakultate horretako dekanorde izan zela- ko, Arabako pertsona bat behar nuelako, eta gustatzen zaidalako.
Erraza izan da hautagaitza osatzea? Kalabaza asko jaso dituzu?
Kalabaza batzuk bai, batez ere adineko pertsonak bertaratzen saiatu naizelako. Nahi nuen belaunaldi desberdinetako pertsonak izatea, baina jubilaziotik hurbil daudenek esan didate ez dituztela konplikatu nahi azken urteak. Agian, falta zait adineko norbait.
Goirizelaiarekin eta Perez Iglesiasekin egon zara errektoretzan. Jarraipena izango da hau?
Perez Iglesiasekin hiru urte eskas egon nintzen, eta Goirizelaiarekin ere berandu sartu nintzen. Ez naiz hamabi urte egon. Jarraipena da bat, eta kontinuismoa beste bat. Talde honetan egon naiz, proiektuak partekatzen ditut; jarraituko dugu ondo egin denarekin. Baina gauza batzuk badira zintzilik, eta hobetu ditzakegunak, eta berriak egin. Lau urte hor zaudenean, ikusten duzu zer egin daitekeen berri.
EHUn zertan nabarituko dute, beraz, errektore berria dagoela?
Alderdi askotan. Ikasleei begira, enplegagarritasuna bultzatu nahi dugu: praktikak, zeharkako gaitasunak, txandakako heziketa, nazioartekotzea eta euskara bultzatu, campusei bizitza eman... Irakasleei dagokienez, babestu nahi dugu beren karrera profesionala. Eta administrazio eta zerbitzuetako langileen ibilbidea handitu nahi dugu, eta lan egoera hobetu.
Egunerokoa non egingo duzu?
Txandaka, orain bezala: batzuk Leioan, besteak Gipuzkoan, eta Arabara joateko asmoa ere badut. Berria izango da, baina egingo dut.
AEBetan egona zara irakasle eta ikertzaile. Goirizelaiak hango eredu bat ekarri nahi zuen, donazioena. Horren aldekoa zara?
Oso aldekoa. Pertsona bat gustura badago jasotako formakuntzarekin —gizarteak emandako formakuntza, denok ordaintzen baitugu unibertsitate publikoa—, aukera izatea unibertsitateari donazio bat egiteko. Orain ez da posible. Helburu horrekin jarraituko dut.
Ikasleen laneratzea asko aipatu duzu asteotan. Lotura ahulegia du unibertsitateak enpresekin?
Ez. Eta ez dezagun soilik enpresei buruz hitz egin; erakunde sozialei buruz ere bai. EHUk ez dauzka enpresarekin lotzen diren gradu zehatz batzuk soilik; ni neu psikologoa naiz. Txandakako heziketa, adibidez, hezkuntzan ikusten dut: eskoletan egon behar dira ikasleak. Ikasleek eremu profesionalarekin harremana handitzea nahi dut. Ez soilik enpresetan. Zeharkako gaitasunetan trebatu nahi ditut: nola egin lan elkarrizketak, gaitasun linguistikoa hobetu, komunikazio idatzia eta ahozkoa...
Sektore batzuetan, ordea, errezeloz begiratzen diote unibertsitatearen eta enpresen arteko harremanari. Bolognako prozesuan ere hori zen beldur nagusia.
Bolognako prozesuan ikasle sektore batek kritikatu zuen hori. Denborak agerian jarri du Bolognak ez duela hori ekarri. Unibertsitateak autonomia du, eta enpresekin lan egitea ez da txarra sektore batzuetan. Ez enpresekin soilik: erakunde sozialekin ere bai. Ez ditugu soilik begiratu behar enpresak eta ikasleak; ikerketa talde asko daude enpresekin lan egiten dutenak. Oso aberasgarria da.
Graduondoak gero eta pisu gehiago hartzen ari dira EHUn?
Gradua eta graduondoa oso desberdinak dira. Graduetan ez dago desberdintasun asko unibertsitateen artean; graduondoak markatzen du diferentzia. Bi motatako masterrak daude: profesional egitekoak eta ikerketari begirakoak. Gazteentzat oso garrantzitsua da ikerkuntzan formatzea, eta doktoregoan: doktoreak ez dira bakarrik akademian lan egingo dutenak, baizik eta berrikuntza egingo dutenak sektore desberdinetan. Eta ez enpresetan bakarrik.
Laneratzeari begira, motz geratzen ari dira graduak? Graduondoa gehiagotan eskatzen dute?
Oraindik, 4+1 eredu honetan, graduak gaitzen du lanbiderako. 3+2 eredura igaroko bagina, ikusi beharko genuke merkatuak nola hartzen dituen hiru urteko graduatuak masterrik gabe. Sistema hori ezarriz gero, defendatuko nuke graduen eta graduondoen prezioa bera izatea. Graduondoen prezioak publikoak izan behar dira; unibertsitate publikoa gara. Orain badauzkagu master asko profesional izatekoak, eta, kasu horietan, masterraren prezioa eta graduena oso antzekoak dira.
Besteetan ere hala beharko luke?
Bai. Prezio publikoa izan beharko litzateke, edo orain dauzkagun prezioak mantendu beharko lirateke behintzat. Urtebeteko masterra bada, tira; baina bi urteko masterra bada eta graduak hiru urtera pasatzen badira, borrokatuko nintzateke lehen urteak behintzat graduaren prezio bera izan dezan.
4+1 edo 3+2, zein duzu nahiago?
Ezin da orokortu. Adar bakoitzak izan beharko luke hitz egiteko aukera. Gure unibertsitatean, zenbait eremutan nahiago dute 3+2, baina, beste eremu batzuetan, 4+1. Sistema ezberdinak egon daitezke.
EHUren irudi ona du gizarteak?
Hobetu dela uste dut. Lan asko egin nahi dugu horretan. Batzuetan iruditzen zait —autokritika gisa diot— gizarteari ez dizkiogula komunikatzen egiten ditugun gauza asko. Batzuek ez dakite ikerketa egiten dugula ere. «Ekainetik aurrera oporretan!», entzun dut maiz. Abuztua, eta zorte onarekin. Gizartean hobeto komunikatu behar dugu egiten duguna.
Lehen emakume errektorea izango zara. Andreek zailtasunak dituzue gizonen baldintza berberetan karrera akademikoa egiteko? Zuk zeuk nozitu duzu hori?
Gustatuko litzaidake hemendik urte batzuetara nire alabetako batek goi postu bat lortuko balu galdera horri erantzun beharrik ez izatea. Hori esanda, hara: EHUn emakume gehixeago ditugu doktore tesiak defenditzen, baina, gero, ikertzaile nagusiak askoz gutxiago dira, eta katedradunak ere askoz gutxiago gara. Ez da EHUren gaia; gizartearen gaia da. Nik zorte handia izan dut senarrak kontziliazioan sinesten duelako; ingeniaria da, bere erantzukizunak ditu, baina kontziliatu dugu beti. Horrek asko lagundu dit. Gizonok inplikatu behar zarete: zuek inplikatzen zareten neurrian, gauzak errazagoak izango dira denontzat.
Kontratazioak egiteko zailtasunak izan dituzue urteotan. Gazteei bide akademikoa itxi zaie? EHUrentzat zama da?
Wert ministroak errege dekretu batzuk atera zituen, min handia egin digutenak. %10eko erreposizio tasa jarri zuen: jubilatzen zitzaizkigun hamar, eta gazte bat kontratatzen genuen. Eta gazte asko dauzkagu formatuta. Gero %50era igo zen, eta, orain, %100era. Postuak ateratzen genituen, eta helegitea jartzen ziguten. Izugarrizko arazoak izan ditugu. Itxaropena daukat hori berreskuratzen joango garela.
EHUn badaude kontratu prekarioak, edo langile prekarioak?
Prekaritate hitza erabiltzea ez zait gustatzen, baina badaude hobetu daitezkeen kontratuak; badaude kontratu partzialak eta. Gustatuko litzaidake EHUko langile guztiek kontratu duinak izatea. Kontratu partzial batek astean hiru eskola ordu ematea eskatzen du; batzuetan ordezkapena egiteko da. Baina gustatuko litzaidake lantalde egonkorra izatea eta karrera akademiko ona egin ahal izatea.
UEUko kide zara. EHUk lankidetza gehiago behar du harekin?
UEUko kide naiz oso gaztetatik, eta oso inplikatua egon naiz. Programan daramagu UEU gure zentro atxiki bat izatea. Gustatuko litzaidake UEUk ere ematea gure titulazio bat, Bigarren Hezkuntzako masterra; plaza batzuk. Bost graduondo ematen ditugu UEUrekin.
UEUk mahai gainean jarri du on line unibertsitatearen proiektua. Lehia gisa hartu du EHUk?
UEUk zentro atxikia izan nahi badu, lankidetza izango da, ez lehia. Gainera, Bigarren Hezkuntzako masterra jarrita, eskaera handia izango du, gure masterrean ezin baitugu jende asko hartu. On line eta euskaraz, ez dut lehia ikusten. Lankidetzarako aukera handia da.
Euskarak pauso handiak eman ditu, baina badira zailtasun batzuk oraindik ere. Medikuntzako ikasleak kexu azaldu dira, adibidez. Zer mezu emango zenieke?
Mezu baikorra. Ahal den kasu guztietan, nahitaezko ikasgaietan behintzat, euskarazko eskaintza areagotuko dugu. Medikuntzan ezin dira gauzak egun batetik bestera aldatu. Benetako arazoak dauzkagu ospitaleetan; batzuetan, adibidez, zirujau batek ez daki euskaraz, eta hark irakatsi behar du. Hor postu elebidunak ateratzen ditugu, eta horretan jarraituko dugu ahal den guztietan.
Hemendik aurrera, postu guztiek izan behar dute euskara eskakizuna? Posible da euskaraz ez dakitenak sartzea EHUra?
Kontratazioetan, elebidunak edo hiru eledunak izan behar dute hemendik aurrera. Oso egoera berezia izan beharko luke: hutsik geratzea deialdia, ez egotea inolako aukerarik... Oso zail ikusten dut.
Lege esparruarekin eroso zaude, edo aldaketak behar dira?
Lege esparru berri bat behar da. Ez soilik donazioei bide emateko, baizik baita ere malgutasun handiagoa izateko, adibidez kontratazioan. Daukagun legea Espainiako legearen kopia hutsa da, eta gustatuko litzaidake aldatzea. Alderdi guztiek eraman dute programan. Uste dut borondatea egongo dela.
Euroeskualdeko campusa sortu zenuten Bordeleko Unibertsitatearekin. Euroeskualde horretan Nafarroa sartu da orain. Zertan dago harremana NUPekin?
Oso ondo. Harremanak sendotu nahi ditugu; lerro estrategiko bat da. Bordeleko Unibertsitatearekin egin ditugu campusaren lehen urratsak: ikerkuntza taldeak, titulazio bikoitzak... Euroeskualdea garatu behar da, eta ez soilik alderdi akademikoari dagokionez.
Aukerarik badago NUP euroeskualdeko campusean sartzeko?
Oraindik ez da planteatu. Baina egin ditzakegu proiektu amankomunak NUPekin eta Bordelerekin. Ez dakit NUP campusean sartu beharko litzatekeen, baina proiektu batzuk taxutzen ari dira.
Nekane Balluerka
"Espainiakoaren kopia hutsa da daukagun legea"
Etzi hasiko da bozetako kanpaina EHUn. Balluerka errektoregai duen hautagaitza bakarrik aurkeztu da. Perez Iglesiasen eta Goirizelaiaren errektoretzetan egona da, baina esan du ez dela "kontinuista" izango. Ikasleen laneratzearekin dauka kezka.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu