Politika

Espainian polizia gehiegikeriarik ez dela izan ziurtatu du Casadok Gasteizen

PPko buruak gaitzetsi egin du polizia gehiegikerien biktimen legearen kontrako helegitea erretiratzeko erabakia. Madrilgo epaitegi batek Casadoren masterraren auzia Auzitegi Gorenera bideratzeko eskatu du, delitu zantzuak daudela iritzita.

Pablo Casado PPko presidentea, Alfonso Alonso Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko presidentearekin. DAVID AGUILAR, EFE
2018ko abuztuaren 6a
07:24
Entzun

Sanferminetan egin bezala, Pablo Casado PPko buruak Euskal Herrira bisita egin zuen, atzo. Gasteizen izan zen, jaietan. Eta Iruñean gertatu zen gisara, zeresan handia eman duten adierazpenak egin ditu Gasteizen ere. Iruñean ziurtatu zuen euskara ez dela Nafarroako hizkuntza; Gasteizen, berriz, Espainian ez dela polizia gehiegikeriarik izan.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko buruzagiak ondoan zituela, Casadok kritikatu egin zuen polizia gehiegikerien biktimen legearen kontrako helegitea erretiratzeko erabakia. Espainiako Gobernuak helegitea indargabetzea adostu du Eusko Jaurlaritzarekin, hark legean hainbat aldaketa bultzatzearen truke. Casadoren esanetan, "Espainian ez da polizia gehiegikeriarik izan; ETAk erahildako poliziak eta guardia zibilak, baizik". Hala ziurtatu du, urtero 1976ko martxoaren 3ko gertakariengatik mobilizazio jendetsua hartzen duen hirian.

Horrez gain, Casadok ohartarazi du PPk ez duela onartuko euskal presorik Euskal Herrira gerturatzerik. Haren esanetan, "300 atentatu argitzen lagundu nahi izan ez duten hiltzaileek" ez dute merezi inolako "onurarik".

PPko agintariek batasuna irudikatu dute Gasteizko agerraldian. Casadok ziurtatu du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPrekin duen harremana "oso ona eta miresmenezkoa" dela, eta babesa agertu dio Alfonso Alonsori. PPko presidente berria aukeratzeko bozketan, Soraya Saenz de Santamariaren alde agertu ziren Alonso eta Araba, Bizkai eta Gipuzkoako PPko hainbat buruzagi.

Gasteizko kaleetatik paseatzen ari zela, dozenaka herritarrek txistu artean hartu dute Casado. "Altsasukoak askatu" eta "joan daitezela" oihukatu diote, eta gogora ekarri diote haren master batekin lotuta abian den ikerketa. Hain justu, Casadoren masterrarekin lotutako auzia Auzitegi Gorenera igortzea erabaki du, gaur, Madrilgo epaitegi batek, aztertu dituen gertakarietan delitu zantzuak daudela iritzita. Casado auzipetu dezala eskatu dio epaitegiko epaileak Auzitegi Gorenari.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.