AUTOGOBERNUA

Espainiarekin negoziatzeko epemuga bat jartzera deitu du EH Bilduk EAJ

Koalizio independentistak ontzat joko luke alde biko negoziazio prozesu bat, baina EAJri dei egin dio "elkarrekin bidea egiten hastera", eta Espainiarekiko negoziazioek huts egiten badute, Kataluniak hartutako bidearen parekoa hartzera.

Autogobernu lantaldearen bilera Eusko Legebiltzarrean. JAIZKI FONTANEDA / ARGAZKI PRESS
jon olano
2016ko martxoaren 9a
07:20
Entzun

Eusko Legebiltzarreko autogobernu lantaldeak EH Bilduren proposamena izan du eztabaidagai. 1979ko estatututik abiatuta, "Erabakitzeko eskubidea oinarri duen egitura instituzional burujabea" proposatu du koalizio subiranistak, "estatu propioa sortzea" helburu.

Hedabideen aurrean eginiko agerraldian, Pello Urizar EAko idazkari nagusi eta EH Bilduko legebiltzarkideak azaldu du koalizioa prest dagoela euskal gizartearen borondatea "modu ahalik eta errealistenean aurrera eramateko", gaineratuz "akordioaren bidea onena" dela. Ordea, argitu du EH Bilduk ez duela onartuko "herritarren gehiengoaren borondatea ez betetzea". Aldebikotasuna "topagune" izan daiteke, "dogma" bihurtzen ez bada.

Prest azaldu da negoziazioaren bidea aztertzeko, betiere "zehazten bada noiz amaitzen den herri honen pazientzia". Hori horrela, EAJri dei egin dio "elkarrekin bidea egiten hastera", eta Espainiarekiko negoziazioek huts egiten badute, Kataluniak hartutako bidearen parekoa hartzera. "Akordiorako bidea betorako bidea bihurtzen bada, erabaki propioak hartzeko herri honek duen zilegitasunari emango diogu garrantzia".

"Erabakitzeko eskubidea oinarri duen egitura instituzional burujabea"

Burujabetza eskuratzeko adostu beharreko ibilbide orriak "gaur egun herritar gehienek —eta batez ere, egoera okerrenetan bizi direnek— dituzten beharrizan nagusiei erantzutea" nahi du EH Bilduk, eta zenbait lehentasun ezarri ditu: Gizarte Segurantza sistema propioa eratzeko eta garatzeko, lan harremanetarako esparru propioa sortzeko, enplegu politikak garatzeko, ekonomia eta finantzak antolatzeko, banku propioa sortzeko, eredu produktibo osoa garatzeko, etxebizitza eskubide subjektibo gisa bermatzeko, osasun sistema unibertsala hobetzeko, azpiegiturak planifikatu eta erabakitzeko, hezkuntza sistema propioa eratzeko, euskaraz jakitea eskubide subjektiboa bermatzeko, justizia administrazio sistema propioa sortzeko eta garatzeko, espetxe politika propioa gauzatzeko eta gainerako lurraldeekiko harreman instituzionalak zabaltzeko eta eraginkor egiteko ahalmena izatea, besteak beste.

1979ko estatutua jotzen du abiapuntutzat koalizioak: "Gure asmoa da menpekotasunezko harremanean jarduteko balio izan duten erakundeak burujabetza gauzatzeko eta garatzeko baliatzea. Erakunde autonomikoak Estatutuak emandako eskumenak garatzeko tresna nagusiak izatearekin batera, komunitate politiko gisa dauzkagun ahalmenen muga ere baitira". Estatus politikoari buruzko eztabaidan, aktoreak zabaltzea proposatu du, gainera: "Hurrengo legealdian legebiltzarrean ordezkaritza izan dezaketen talde politikoei ez ezik, sindikatu eta gizarte mugimenduei ere eztabaidan parte hartzeko aukera zabaldu behar zaie".

Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak Nafarroarekin, Nafarroa Beherearekin, Lapurdirekin eta Zuberoarekin izan beharreko harremanei ere erreferentzia egiten die EH Bilduren dokumentuak: "Euskal eremu administratibo bakoitzeko herritarrek beren burua instituzionalki eratzen segitzeko prozesuaren baitan, libre eta demokratikoki erabaki beharko dute zein harreman, elkarlan ala bateratze dinamika maila nahi duten gainontzeko euskal eremu administratiboekin". Zehatzago dihardu Euskal Autonomia Erkidegoaren eta Nafarroaren arteko harremanaz: "Herritarren ongizaterako onuragarriak diren harreman politiko eta instituzionalak suspertzeak bi eremu administratiboen arteko elkarlana ekarri beharko luke. Ekonomia eta kultura lehentasun, alde bateko eta besteko erakunde publikoek maila guztietako lankidetza lagundu beharko lukete". Harago doa: "Etorkizunean, lankidetza iraunkorraren ondorioz, eta bakarrik Araba, Bizkaia, Gipuzkoa lurraldeetako herritarrek, batetik, eta Nafarroa Garaiko herritarrek, bestetik, hala erabakiko balute, ekonomia arloan –industria, ikerkuntza eta tokiko garapen arloetan batez ere- eta azpiegitura, mugikortasun, ingurumen, hezkuntza eta kultura arloetan elkarlana sustatzeko eta indartzeko asmoz erakunde bateratuak sortzeari ekingo litzaioke".

Apirilaren 6an bilduko da berriro autogobernu lantaldea, eta EAJren proposamena izango du aztergai.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.