Gaur goizean agertu da Espainiaren aldeko pintaketa bat ENA Euskal Nortasuna Elkartearen egoitzan, Bilboko Abando auzoan: "Gora Espainia" jartzen du pintaketan. Horrez gain, elkarteko kideek salatu dutenez, haiek darabiltzaten ikur batzuk ere ezabatu dituzte; esate baterako, Zazpiak bat leloa.
Hala ere, ENAko kideek azaldu dute pintaketek lanean jarraitzeko “gogo gehiago” ematen dutela. “Bide zuzenetik goazela erakusten digute; izan ere, herritarrentzako euskal nortasun agiriak egiten ditugu, eta horrek euskal kontzientzia suspertzen laguntzen du”, gaineratu dute.
Elkartea 1997ko urrian sortu zen, eta helburu nagusia “euskal nortasunaren kontzientzian” sakontzea zen. Horretarako, euskal nortasun agiria egiteko aukera eskaintzen du, besteak beste.