"Espainiaren indarkeria bere ezgaitasun politikoaren erakuslea da", dio ezker abertzaleak

"Onartezin, eskandalagarri eta ulertezintzat” jo du Gorenak 'Bateragune auzian' emandako epaia. Aitortu du "min" eman diola erabakiak, baina azpimarratu du ez diola bidea aldaraziko. Agerraldia egin du arratsaldean.

Garikoitz Goikoetxea.
2012ko maiatzaren 9a
08:55
Entzun

Ezker abertzaleak aitortu du "min" eman diola Espainiako Auzitegi Gorenak Bateragune auzian emandako zigor epaiak, eta gogor salatu du Espainiaren jarrera. Mezu zuzena igorri dio: "Zuen indarkeria zuen ezgaitasun politikoaren erakuslea da. Eta epai hau beste adibide bat da”, esan du, batetik. Epaiak Euskal Herriaren eta Espainiaren arteko ”arrakala” areagotu egin duela iritzi dio, bestetik.

”Onartezin, eskandalagarri eta ulertezintzat” jo du epaia, eta uste du bakearen eta normalizazioaren aurkako ”eraso larria” dela. Euskal Herrian gaur egun dagoen egoera politikoa Arnaldo Otegi, Rafa Diez eta beste hiru zigortuek ahalbidetu dutela azpimarratu du ezker abertzaleak, eta salatu du oraingo egoeran ”ulertezinagoa” egiten dela zigorra.

"Irailean Espainiako Auzitegi Nazionalak emandako zigorra erabat arbuiatu zuen euskal jendartearen gehiengoak, baita nazioarteko hainbat instantzia juridikok eta politikok ere. Baina, orain, ulertezintasun hori areagotu baino ez da egin. Euskal Herrian behin betiko konponbide demokratikorako prozesua abian dela, Aieteko Konferentziatik eta ETAren jarduera armatuaren behin betiko bukaeratik sei hilabete igarota, eta konponbide elkarrizketatuaren aldeko jarrera aktiboa erabat nagusia denean Euskal Herrian zein nazioartean, Bateragune auziko kideen kontra modu honetako zigorra etortzea bakea eta prozesuaren aurkako eraso larria da".

Donostian agerraldia egin du, arratsaldean, eta han izan dira Maribi Ugarteburu, Pernando Barrena, Joseba Alvarez, Joseba Permach, Marisa Alejandro, Rufi Etxeberria, Marije Fullaondo, Hasier Arraiz, Txelui Moreno eta Juan Joxe Petrikorena. Ugarteburuk irakurri du euskaraz euren adierazpena, eta Barrena gazteleraz. Kazetariek ez dute galderarik egin.

Ezker abertzaleak azpimarratu du Gorenaren zigorrak ez diola bidea aldaraziko. ”Prozesuan sakontzeko beharra erakusten digu epaiak”.

Herritarrei datozen egunetan izango diren protestetan parte hartzeko eskatu die. "Erantzunak tamaina berekoa izan behar du". Oraingoz, ez du deialdi zehatzen berri eman.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.