ETAren su-etena. Erreakzioak

Espainiari politika aldatzeko eskatu diote Gernikako Itunaren sinatzaileek

ETAren agiria «aurrerapausoa» dela eta «zalantzarik gabeko balioa» duela diote Gernikako Ituna sinatu duten eragileekHitzarmena osotasunean betetzeko aurrera egiteko konpromisoa berretsi dute

Gernikako Akordioaren sinatzaileek adierazpen bateratu bat egin zuten atzo, Donostian. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
Donostia
2011ko urtarrilaren 12a
00:00
Entzun
Gernikako Akordioa sinatu duten politika, gizarte eta sindikatuen arloko 28 eragileek normalizazio politikoa ahalbidetzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko eskaera egin diote Espainiari. Horretarako, politika aldatzea eta Gernikako hitzarmenean biltzen diren eskaerei erantzun positibo bat ematea exijitu dute. Ezker abertzalea, Eusko Alkartasuna, Aralar, Alternatiba, Abertzaleen Batasuna, LAB eta Lokarri daude, besteak beste, itunaren sinatzaileen artean.

ETAk kaleratutako agiriaren harira eginiko adierazpen bateratu batean, akordioa osotasunean betetzeko aurrera egiteko konpromisoa hartu dute eragileek, eta, bide horretan, ETAren agiria «aurrerapausotzat» jo dute. Era berean, normalizazio politikoa eta bake egoera bat lortzeko bidean adierazpenak «zalantzarik gabeko balioa» duela azpimarratu dute aho batez.

Atzo Donostian eskainitako prentsaurrekoan agiri bateratu bat irakurri zuten sinatzaileek, eta ez zuten hitzarmeneko eragile bakoitzak ETAren agiriaren inguruan egin dituen balorazioetan sartu nahi izan, «bakoitzak berea» esana zuela azpimarratuz.

Izan ere, ETAren agiriaren aurrean irakurketa desberdinak egin dituzte. Sinatzaileen gehiengoak Gernikako Akordioan eskatutakoari erantzun diola adierazidute egunotan. Hala nola ezker abertzaleak, EAk, Alternatibak, LABek eta Lokarrik, besteak beste. Aralarrek, baina, zuhurtziaz hartu du agiria, eta erakundeak «aldebakarrekotasunaren» exijentzia ez duela bete adierazi du.

Bateratutako irakurketan ETAren agiria urratsa dela aitortu dute. Negoziazioari ekiteko baldintzak eta normalizaziora heltzeko prozesuaren oinarriak zehaztu zituzten sinatzaileek akordioan, eta ETAren agiria bide horretan eginiko urratsa dela diote. Baina, prozesu demokratikoa abian jartzeko hitzarmenean erreferentzia egindako gainontzeko eragileek ere aurrerapausoak eman behar dituztela gaineratu dute.

Gizartea «motor»

Oraindik hitzarmenarekin bat egin ez duten eragile politiko, sindikal eta sozialei mugimenduarekin bat egiteko deia egin diete Gernikako Itunaren izenpetzaileek. Helburua, prozesu demokratikoak «atzera-martxarik» ez izatea baita.

Horren haritik, Bruselako Adierazpena gauzatu duten nazioarteko bitartekariei orain arteko lanean jarraitzeko eskaera ere egin diete. Era berean, orain arte egindakoa eskertzeko baliatu dute adierazpen bateratua. Haiek «beharrezkotzat jotzen duten edozertan» laguntzeko prest azaldu dira.

Gernikako Akordioan bake bideari hasiera emateko oinarrien artean dago ETAk «nazioarteko komunitateak egiaztatzeko moduko su-eten iraunkorra eta aldebakarrekoa» aldarrikatzea. Su-eten hori jarduera armatua behin betiko uzteko borondatearen erakusle gisa definitu zuten.

Euskal gizartea izango da negoziazio prozesuaren bermatzailea, akordioak biltzen duenaren arabera. Hori horrela, «bidean izango diren oztopo eta mugak» gainditzeko, gizarteari «sortzen ari den egoera berrian» parte hartzeko eskaera egin diote, «motorra» izatekoa.

Akordioaren gakoak

Su-etenaz gain, akordioaren oinarrien artean dago eskubide zibil eta politiko guztien aitortza. Ildo horretan, bake bidera heltzeko inoren aurkako mehatxu, presio, jazarpen, atxiloketa eta tortura mota guztiak desagertu behar dutela uste dute 28 eragileek.

Espetxe politika etetea, jarduera politikoagatik epaituak izan direnen aurkako prozesu judizialak berraztertzea edota militante zein erakunde independentistei politikan aritzeko ezarri zaizkien debekuak bertan behera uztea dira, besteak beste, akordioan bildutako oinarriak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.