Josu Esparza iruindarra Espainiaratzeko agindua eman du Paueko Auzitegiak (Frantzia). Azken urteetan Amnistiaren Aldeko Mugimenduko bozeramailea izan denari 2009ko Korrikan«terrorismoa goratzea» leporatzen diote —presoen argazkiak erakusteagatik—. Iruindarra kontrol judizialpean zegoen, Espainiak aurkeztutako euroagindu eskaera onartu ostean. Frantziako Poliziak urrian atxilotu zuen, Baionan, baina baldintzapean aske utzi zuen. Astean bitan sinatzera joan behar zuen Baionara, etxez ezin zuen aldatu, eta bidaia batzuk egitea eragotzi zioten. Duela bi aste, Frantziako iturri judizialek jakinarazi zuten ez zutela «Esparzaren berririk»—Baionako polizia etxera ez zela joan sinatzera, eta haren etxean ere ez zutela topatu—.
Defentsa abokatuak Paueren erabakiaren aurkako helegitea sartzeko aukera du. Sartuko balu, auzibidea luzatu egingo litzateke.
Bigarren euroagindua
Esparzaren aurkako bigarren euroagindua da hau. Ekin-en aurka operaziotik ihes egin zuen urtarrilean, eta Donibane Lohizunen irailean atzeman zuten. Amnistiaren Aldeko Mugimenduak esan zuenez, urtarrilaz geroztik Baionan eta Hendaian «bizitza publikoa» eginez bizi zen atxilotua. Handik gutxira, hala ere, Esparzak Ekin-ekin lotura zuzena zuela iritzita, Espainiako Auzitegi Nazionalak lehen euroagindua eskatu zuen euskal militatearen kontra, eta Pauek onartu. Defentsak, ordea, helegitea jarri zuen, eta Frantziako Justiziaren erabakiaren zain zegoen, urrian bigarren aldiz atxilotu zutenean.
Esparza Espainiaratzeko agindua eman du Frantziak
Iruindarra aske utzi zuten urrian bermea ordainduta; geroztik, Frantziako Poliziak «ez du haren berririk»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu