Esperotako emaitza eman du UPNren kongresuak. Hautagai bakarra izanik, babes zabala jaso du Javier Esparzak, eta botoen %83rekin alderdiko presidente hautatu dute. Idazkari nagusia, berriz Yolanda Ibañez izango da, Milagroko alkatea, botoen %73 bereganatuta.
Kargu hartze hitzaldian Esparzak iragarri du martxan dela "atzera kontua" UPNk 2015ean galdutakoa berreskuratu eta Gobernura itzultzeko. "UPNk erakutsi du alderdi sendoa dela eta gai dela garai berrietara egokitzeko. Horregatik diot egungo gobernuari egun bat gutxiago geratzen zaiola".
Uxue Barkos lehendakariaren asmoen inguruan ere ohatarazi du Esparzak: "Pistolekin edo gabe, Nafarroak EAErekin bat egitea nahi dute, Euskal Herria deitzen duten asmakizun hori eraikitzeko. Baina ez dute lortuko, nafarron gehiengoak eragotziko dugulako". Arlo horretan, iragarri du borrokatuko direla "irabazitako guztiak galdu ez dadin".
D eredua, jomugan
Ez dira kontu berria UPNren euskararekiko politikak, eta bere azken kongresurako ere ildo beretik jo du alderdiak. Alegia, iragarri du Gobernura itzuliz gero, D eredua kenduko duela eremu ez-euskalduneko eskola publikoetatik. Izan ere, "inposaketa artifizial" horren asmo bakarra politikoa da, D ereduak "desorekak eta gastu ekonomikoak" besterik ez baititu eragingo Javier Esparzaren iritziz. Hala, UPNren buruzagi izateko hautagai bakarra denak iragarri du, bere esku dagoen guztia egingo duela, "inposaketa zentzugabe hori" amaitzeko.
Hala, Esparzaren programak alde batera utzi du alderdiak bere ponentzia politikoan iragarritakoa, hau da, "UPNk onartzen eta errespetatzen du nafar askoren euskal nortasuna". Ordea, nabarmentzen du "Nafarroa anitz eta aberats" baten alde daudela, hura "Espainiaren eta Europaren barruan" dagoen artean.
lderdiaren datozen urteetarako programa onartzeaz gain, Gobernurako, Kongresurako eta Senaturako hautagaitzak primarioen bidez aukeratzea ere onartu dute militanteek.
Itzultzeko gogoz
Esparza itxaropentsu agertu da kongresura, eta bozketaren atarian adierazi du "gero eta gehiago" direla UPN itzultzea nahi duten nafarrak. "Ikusten ari dira nola gobernatzen duen egun dugun exekutiboan, maiz soilik bere aldekoei begiratuz, eta milaka nafar baztertuz".
Baina atzera ere begiratu du Esparzak, eta hogei urtez agintean egon ostean, ez dutela burua makurtzeko arrazoirik adierazi du: "Autokritika egin dugu, eta egiten jarraituko dugu. Akatsak egin ditugu, baina argiuneak gehiago dira".