«Espetxe iraunkorra» damurik erakusten ez duten presoentzat

«Lerro berean» jarraitzen duten presoei espetxe erregimena gogortzeko aukeraz hitz egin du Gallardonek

Agentziak
Madril
2012ko otsailaren 2a
00:00
Entzun
Espetxe politika aldatu egingo dela ez da dudan jartzen dagoeneko. Kontua da nola aldatuko den. Alberto Ruiz Gallardon Espainiako Justizia ministroak zigorrak are gehiago gogortzeko aukera jarri zuen atzo mahai gainean, Cope irratian egin zioten elkarrizketan. «Damurik» agertu ez eta, gainera, «delitua egitera eraman dituen lerro berean» jarraitzen dutenei «berrazter daitekeen espetxe iraunkorra» jartzea aukera bat izan daitekeela esan zuen.

Hori aplikatu ahal izateko, Zigor Kodea aldatu behar da, eta, Gallardonen arabera, kodea aldatzeko orduan legegileak erabaki beharko du zein egoeratan aplikatu daitekeen: «Ikusiko dugu zein delituri ezarri diezaiokegun berrazter daitekeen espetxe zigor iraunkorra».

Gallardonek azaldu duenez, espetxe iraunkorrak baldintzak jartzen dizkio presoei espetxetik irteteko, eta baldintza horiek bete artean ez dira libre gelditzen. «Presoa askatzea gizartearentzat arriskutsua den bitartean, ez da askatzen». Espetxe mota hori bizi arteko espetxe zigorraren «kontrakoa» dela defendatu du, eta azpimarratu du «Europako eremu guztian» indarrean dagoela.

Berriz nabarmendu du euskal presoek «indultu orokorrik eta amnistiarik» ez dutela izango, Espainiako Konstituzioak ez duelako halakorik onartzen. Han onartuta dagoen barkamen eskubidea, berriz, ez dela «politika orokorreko instrumentua» azpimarratu du, eta «salbuespen neurria» dela zehaztu. Neurriak hartu aurretik biktimekin hitz egingo dutela ere berretsi du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.