Espetxe politika aldatu beharrik ez dagoela dio Eusko Jaurlaritzak

Idoia Mendia: «ETAko presoek bat egin dute Gernikako Akordioarekin espetxe politikan aldaketarik egin behar izan gabe»Gasteizko alkateak esan du bidegabea dela euskal presoek egindako urratsa ez aitortzea

Erredakzioa
Gasteiz
2011ko irailaren 28a
00:00
Entzun
Indarrean dagoen espetxe politikan aldaketak egitea ez da «ezinbestekoa» prozesuak aurrera egiteko. Hala iritzi dio Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzako eledunak. Euskal Preso Politikoen Kolektiboak Gernikako Akordioarekin bat egin izanak ez du zertan ekarri behar aldaketarik espetxe politikan, Mendiaren ustez. «ETAko presoek bat egin dute Gernikako Akordioarekin espetxe politikan aldaketarik egin behar izan gabe», gaineratu du.

Nolanahi ere, euskal presoek hartutako erabakia begi onez hartu du Eusko Jaurlaritzak, bake bidean urratsa delako.«Pauso garrantzitsu eta adierazgarria da, eta bakera gehiago hurbiltzen gaitu», esan du Mendiak. Haatik, ez du uste orain gobernuari dagokionik pausoak ematea. «ETA dagoen bitartean, pilota bere teilatuan egongo da, eta hari dagokio urratsak egitea».

Patxi Lopez Jaurlaritzako lehendakariak ez du oraindik hitz egin euskal presoen erabakiaz, bainabiharEusko Legebiltzarrean egingo den politika orokorreko osoko bilkuran «oinarri demokratiko sendoen» gainean «ETAren zikloa ixteko» apustua egingo duela iragarri du Jaurlaritzak. Lopezen ustez, egungo egoeran bagaude, «demokraziaren eta legearen» ondorio izan da.

Javier Maroto Gasteizko alkatea (PP), bestalde, argi mintzatu da presoen erabakiaz, eta bere alderdiaren ildotik aldendu da. Marotok aitortu du euskal presoek «pausoak» eman dituztela, eta baita Bilduk ere. «Ez litzateke bidezkoa izango Bilduk, ezker abertzaleak eta presoen kolektiboak emandako pausoak ez aitortzea. Ezin da ukatu jendaurrean jarrera berria dutela, hizkera berria darabiltela, eta egoera politiko berria sortzen ari dela», adierazi du.

Hala ere, Bilduri esan dio bakea lortzeko «ezinbestekoa» dela «behingoz, espresuki ETA gaitzestea», bestela, ezinezkoa izango delako bakegintza. Marotoren ustez, Bilduko kide askok pauso hori eman behar dela iritzi diote. «Ausardiaz jendaurrean esatea eta hasi duten prozesua bukatzea falta zaie».

Prozesua, norabide onean

Alfredo Perez Rubalcaba PSOEren presidentegaiak, bere aldetik, berretsi du ETAren amaiera gertu dagoela eta «prozesua norabide onean» doala.

Candido Conde Pumpido Espainiako fiskal nagusiak, berriz, leundu egin du EPPKren erabakiari buruz herenegun egindako balorazioa. «Onartezina eta lotsagarria» zela esan zuen astelehenean, baina atzo azpimarratu zuen «erabat ados» dagoela Jose Luis Rodriguez Zapatero Espainiako Gobernuko presidenteakesandakoarekin. Zapaterok atzo esan zuen agiria «indarkeriaren amaierarako pauso adierazgarria» dela. Dena dela, Conde Pumpidok gaineratu du «lotsagarria» dela presoek «Zuzenbide Estatu bati baldintzak jartzea».

Antonio CamachoEspainiako Barne ministroaren ustez ere«bakerako pausoa» da EPPK-k emandakoa. «Indarkeriaren amaierarako eta bakerako urratsa da; ez da demokratek eskatzen duguna, baina ezin daukatu urratsa dela», esan du. Dena dela, presoek hartutako erabakia «Barne Ministerioaren, Poliziaren eta Guardia Zibilaren estrategiaren fruitu» dela iritzi dio.

Mikel Cabieces Espainiako Gobernuak EAEn duen ordezkariaren irudiko, bestalde, euskal presoek Gernikako Akordioarekin bat egin izanak erakusten du «demokratek politikoki irabazi» egin dutela. «Esan diegu hiltzeagatik edo hiltzen uzteagatik ez dagoela inolako abantaila politikorik, eta orain, mundu horretako zati batek hori barneratu du». Hala ere, espetxe politika aldatu eta amnistia emateko eskaerak baztertu ditu Cabiecesek. «Hainbeste jende hil duen talde batek ezin du amnistian pentsatu».

PPko eledun Soraya Saenz de Santamariaren ustez, berriz, presoei buruzko eztabaidak bestelakoa izan behar du, eta armak «noiz eta non» uzten dituzten argitu beharko dute, besterik ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.