Euskal Herrian hasitako aro berrian, Frantzian egun indarrean den espetxe politikak are zentzu gutxiago duela uste du Herrira mugimenduak. Eta, horrenbestez, berau aldatzea galdegin dio François Hollanderen gobernuari, Frantziak Bilbon duen kontsulari eramandako gutunaren bidez. Idatzia eskura ematen saiatu dira Roberto Noval, Ibon Meñika eta Beñat Zarrabeitia Herrira-ko ordezkariak, baina kontsula bilduta zegoela esan, eta kontsuletxeko atezainak jaso du gutuna.
Herrira-ren iritziz, «garaia da elkarren arteko zubiak eraikitzeko, eta bakebidean eta konponbidean atzeraezinak izango diren pausoak emateko». Horretarako, espetxe politika errotik aldatzea «ezinbestekoa» dela azaldu du Novalek, kontsuletxearen aurrean eginiko adierazpenetan.
Frantziako kontsulari helarazitako gutunean, hainbat eskakizun bildu dituzte.
Lehenik eta behin, sakabanaketa amaitzeko eskatu diote Frantziako Gobernuari, eta horrekin batera, gaixo dauden presoak berehala askatzeko. Orobat, bizi guztiko zigorra jasotzen duten legeak deuseztea galdegin diote Hollanderen gobernuari. Eta gogorarazi dute Frantzian badirela tankera horretako zigorrak ezarriak dauzkaten hiru euskal preso: Jacques Esnal, Frederic Aranburu eta Jon Kepa Parot. Beste bi eskaera ere egin dizkiote Frantziako Gobernuari: «Kartzeletako bakartze egoerak amaitzeko eta euskal iheslari politikoak jazartzeari uzteko».
Herrira-k zalantza izpirik ez du: «Giza eskubideak urratzen dituzten salbuespenezko neurri horiek bertan behera utziz gero, gatazkaren konponbidean eta bakebidean urrats esanguratsuak egiteko aukera berriak zabalduko lirateke». Eta horren ondorioz, «euskal herritarrek Hollanderen erabakia txalotu egingo lukete».
Herrira-ren esanetan, «bada garaia Parisek Madrilek markatutako bidea jarraitzeari uzteko eta bestelako egoeretara eramango gaituzten erabakiak hartzen hasteko».
Halaxe joka dezan eskatuko dio azaroaren 10ean Baionan egingo duen manifestazioan. Hainbat esparrutako eragileek bat egin dute Herrira-k deitutako mobilizazio horrekin, tartean EAJren Ipar Buru Batzarrek eta Ezker Batuak. 40tik gora gizarte eragilek eman diote babesa Herrira-ren deialdiari. Baita LAB, EHNE, Hiru, ESK eta Gipuzkoako CNT sindikatuek ere.
Euskal herritarrei Baionako karrikak betetzeko deia egin die Herrira-k, «ezinbestekoa izango baita Frantziako Gobernuak espetxe politika aldatzeko pausoak eman ditzan». Eta gogorarazi du Baionakoari Bilbon emango diola segida, urtarrilaren 12an. «Mobilizazio erraldoi bat egin nahi dugu».
Urriko azken ostirala
Atzo urriko azken ostirala izaki, ehunka lagun irten ziren kalera hainbat herritan, euskal preso eta iheslarien eskubideen aldeko elkarretaratzeetan. Arrasaten, esaterako, 300 lagun bildu ziren elkarretaratzean. Gipuzkoako herri horretan ehunka lagun izan ziren, halaber, astearte gauean Josu Uribetxebarria larri gaixo dagoen euskal preso ohiari ongietorri egiteko.
Beste hainbat herri eta hiritan ere bilkura ugari egin ziren. Gasteizen 585 lagun batu ziren; Bilbon, 210; Zarautzen, 208; eta Azpeitian, 163. Hogei lagun izan ziren Pasai Donibaneko elkarretaratzean, eta 50 Aretxabaletan. Deban, berriz, 60 pertsona batu ziren; Getarian, 58; Zumaian, 82; Lasarten, 75; Usurbilen, 115; eta Zaldibian, 86. Elorrion 82 lagun elkartu ziren, eta Zeberion, 39; Mungiako elkarretaratzean 30 lagunek parte hartu zuten, 48k Bakion, eta 65ek Otxandion. Zuian, berriz, 30 lagunek egin zuten euskal preso eta iheslarien aldeko elkarretaratzea, 35ek Berriozarren, 31k Lesakan eta 25ek Irurtzunen. Maulen 40 lagun elkartu ziren; Larresoron, 19; Baionan, 40; Miarritzen, 14; Donibane Lohitzunen, 25; Uztaritzen, 16; Donapaleun, 15; Azkainen, 35; Urruñan, 21; Hendaian, 42; Saran, 14, eta Donibane Garazin, 40.
Espetxe politika aldatzeko eskatu diote Frantziako Gobernuari
Bilboko kontsuletxean aurkeztutako gutunean, aro berrira egokitzeko eskatu dio Hollanderi Herrira mugimenduak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu