Hileroko azken ostirala izanda, atzo ere euskal presoen eskubideen defentsan mobilizazioak egin zituzten hainbat herritan, Egin Dezagun Bidea herri ekimenak deituta. Elkarretaratzeetan bildutako herritarrek gaixotasun larri eta sendaezinak dituzten euskal presoen askatasuna exijitu zuten, eta «bizi guztiko espetxe zigorra» bertan behera uzteko eskatu.
Komunikabideei bidalitako ohar batean, Egin Dezagun Bidea ekimenak ohartarazi du Espainiako eta Frantziako estatuek «bere horretan» utzi nahi dutela orain arte euskal presoei ezarri dieten espetxe politika, eta adibide gisa jarri du «azken boladan euskal preso politikoak paisaia politiko eta mediatikoan hizketa gai nagusietako bat bihurtu izana». «Presoen eskubideen aldeko eskabide gero eta zabalago eta indartsuagoari zilegitasuna eta eragina kentzeko asmo zitala dabil jira eta bira, gero eta ezin iraunezkoago suertatzen den egoera bat justifikatu nahirik», azaldu du Egin Dezagun Bideak.
Presoen eskubideen aldeko herri ekimenak nabarmendu duenez, euskal presoen eskubideei buruzko eztabaida «une garrantzitsu batean» dago. Gogora ekarri du Espainiako Auzitegi Goreneko 197/06 doktrina edo Parotdoktrina deiturikoa Auzitegi Konstituzionalean ari direla aztertzen, eta epaia aurki kaleratuko duela. «Ezin da onartu doktrina hau indarrik gabe uzten ez duen sententziarik», adierazi du Egin Dezagun Bideak. «Hartara, une garrantzitsu honetan, irmotasunez aldarrikatu behar ditugu eskubideak, eta zitalkeria honi behingoz eta betirako amaiera eman, zigorra bete duten presoak etxera ekarriz», nabarmendu du.
Hileroko azken ostiraletako mobilizazioak antolatzen dituen ekimenak herritarrei dei egin die euskal presoen eskubideen alde antolatuko diren ekimenetan parte hartzeko, eta, besteak beste, gogorarazi du irailaren 17an manifestazio nazionala egingo dela Donostiako kaleetan. «Madrilen eta Parisen temati badabiltza ere, zabaldutako garai politiko berria preso eta iheslariak etxera ekartzeko garaia izan dadin egiazko indar eraginkorra hemen, gure artean aurkitzen da».
Besteak beste, honako herri hauetan egin zituzten elkarretaratzeak atzo iluntzean: Bilboko Plaza Zirkularrean eta Sabin Etxean (1.300 pertsona bildu ziren), Ondarroan (237), Zarautzen (125), Hondarribian (43), Azpeitian (32), Getarian (35), Anoetan (27) eta Irurtzunen (18).
Espetxe politika «bere horretan» utzi nahi dutela salatu dute
Presoen eskubideen alde ehunka lagun bildu dira Egin Dezagun Bideak antolatutako ekimenetan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu