Espainiako Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralak bigarren graduko erregimenera pasatu du Marta Igarriz Izeta euskal presoa, EPPK-ko kidea. Orain hilabete batzuk EPPK-koak gradu progresioaz eskaerak egiten hasi zirenetik onartu den lehen eskaera da, eta Sortuko Presoen Aldeko Batzordeak uste du auto horren bidez "espetxe arloko blokeo politika aldatzen hasi" dela. Joan den ostiralean jakinarazi zuen deliberoa Jose Luis Castro Espetxe Zaintzako epaileak, fiskaltzaren balorazioa kontuan hartuta.
Igarrizek 2020ko irailean beteko du espetxe zigorra. ETAren laguntzailetzat jota, hamabost urte eta erdiko zigorra jarri zion Auzitegi Nazionalak. Autoan fiskaltzaren idatziak dakar kartzelan "jarrera normalizatua eta lasaia" daukala presoak, garbiketa lanak egiten dituela eta jardueretan parte hartzen duela. Halaber, aintzat hartu dute zigorraren antzinatasuna.
Presoa Hernanikoa (Gipuzkoa) da, eta Castelloko kartzelan dago, Herrialde Katalanetan. Pasa den abenduan haren senideek istripu larria izan zuten bisita batetik bueltan zirela.
Graduen inguruan, lehenik espetxe bakoitzeko Tratamendu Batzordeak egiten du presoaren txostena, hiru hilean behin. Gradu aldaketa ez bada gertatzen, orduan du presoak Espetxe Instituzioetako Idazkaritza Nagusian helegitea aurkezteko aukera. Horrek ere ukatzen badu eskaera, Espetxe Zaintzako Epaitegi Zentralean helegitea jartzeko aukera du presoak, Auzitegi Nazionalean —Jose Luis Castro da espetxe zaintzako epailea—. Hor ere erantzuna ezezkoa bada, auzitegi bereko Zigor salako 1. aretora iristen dira eskaerak. EPPK-ko kideen abokatuek duela hilabete salatu zuten eskaera asko blokeatuta daudela Espetxe Zaintzako epaitegian, eta, ETAren desegiteagatik sortutako egoera berriagatik, gradu aldaketak emateko eta espetxe politika aldatzeko eskatu zuten.
Erregimen itxia da lehen gradua, salbuespeneko neurria. Espetxe legedia garatzea eragozten dio presoari. "Bereziki arriskutsuak" izateagatik ezartzen diete gradu hori presoei, edota ustez erregimen arruntera egokitzen ez direlako. Lehen gradutik bigarrenera pasatzeko, ez dute lege oztoporik euskal presoek, EPPK-ko kideen abokatuek ohartarazi dutenez. Kolektiboko %95 lehen graduan daude. Bigarrengoan, irteera baimenak lortzeko aukera egoten da: asteburuetan edo jai egunetan. Erregimen horretan orain EPPK-ko hamabost kide baino ez daude.
Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuak duela hilabete iragarri zuen gaixorik diren presoak eta 70 urtetik gorakoak gerturatzen hasiko direla.