Kasedako (Nafarroa) krimen hirukoitzaren bi egileeak espetxealdi iraunkor berrikusgarrira kondenatu dituzte. Hala ebatzi du herri epaimahaiko magistratuak, eta, hala, lehen aldiz ezarriko da zigor hori Nafarroan, 2015ean onartu zenetik. Hiltzaileek eskopeta tiroz hil zituzten 50 urteko Fermin J.E. eta 29 eta 17 urteko haren bi semeak; orain, kartzela zigorraz gain, 961.247 euroko kalte ordaina ordaindu beharko diete haien senideei.
Zehazki, eskopetaz tiro egin zuen akusatuari 20 urteko zigor bat ezarri diote 51 urteko gizona hiltzeagatik, beste 20 urteko zigorra 16 urtekoaren hilketagatik, eta espetxealdi iraunkor berrikusgarria 29 urtekoa hiltzeagatik. Beste hiltzaileari, berriz, 15 urteko bi zigor ezarri dizkiote lehen bi hilketengatik, eta, aurrekoari bezala, espetxealdi iraunkor berrikusgarria 29 urtekoaren hilketagatik.
Ebazpenak dioenez, biek, gutxienez, 22 urte egin beharko dituzte espetxean hirugarren gradua eskuratzeko, eta 30 baldintzapean aske geratu ahal izateko. Hirugarren akusatu bat ere bazen, beste bien semea eta anaia hurrenez hurren, baina hura absolbitu egin du epaimahaiak; lesio delitu leun bat soilik egotzi diote.
Ia hiru urte geroago
2018ko irailaren 18an, familia bereko hiru pertsona hil zituzten Kasedan. Nafarroako SOS larrialdi zerbitzuek 18:53an jaso zuten abisua: hainbat bizilagunek salatu zuten Kasedako kale batean «istiluak» piztu zirela eta eztabaidan ari zirenetako batzuek eskopetak zeramatzatela. Larrialdi zerbitzuek Foruzaingoko zenbait patruila igorri zituzten hara, baita anbulantziak eta helikoptero medikalizatu bat ere. Hiru hilotz topatu zituzten kalearen erdian. Fiskalaren arabera, hiru akusatuek zuzeneko parte hartzea izan zuten erasoan, eta bakoitzarentzat 60 urteko kartzela zigorra eskatu zuen epaiketan. Akusazio partikularrak, halaber, espetxealdi iraunkor berrikusgarria eskatu zuen hirurentzat.
Defentsaren abokatuak, bestalde, hamabost urteko kartzela zigorra eskatu zuen akusaturiko aitarentzat, giza hilketak izan zirela eta onetik aterata eta bidezko defentsan egin zituela argudiatuta; bi semeentzat, berriz, absoluzioa galdegin zuen.
Epaimahaiak aho batez erabaki zuen aita errudun zela, seme gazteena botoen gehiengoarekin ebatzi zuten erantzulea zela, eta beste semea kondenatzeko froga nahikorik ez zegoela ere ebatzi zuten. Epaiketan, aitak berak errudun zela aitortu zuen, eta barkamena eskatu zien hiru hildakoen senideei.