xabat moran

"Espetxean jabetu naiz zein gogorra den preso gaixoen egoera"

Bilboko Santutxu auzoko gaztea goizaldean iritsi da etxera. Atzokoa eta espetxean bizi izandako egunak gogoratu ditu BERRIArekin. Aitzol Gogorza preso gaixoaren egoeraz ohartarazi du.

Xabat Moran, gurasoekin, atzo espetxetik atera ostean. MIRENTXU #XABATLIBRE, @MIRENTXULADAS
jon ordonez garmendia
2015eko azaroaren 5a
12:13
Entzun

Ohiko moduan joan zen lotara Xabat Moran atzo Teruelgo espetxean, bazkalostean. 16:00etan, baina, esnatu egin zuten. "Epaitegiko agentearengana joan behar duzu", esan zioten. Berehala konturatu zen albiste on bat jasoko zuela. Bi ordu geroago utzi zuten aske, 18:00etan. Bera izan zen erabakiaren berri izan bezain ostean etxekoei jakinarazi ziena. Espetxean eman zituen azken bi ordu horietan Asier Ormazabal Hernaniko euskal presoaz agurtzeko astia ere izan zuen. Elkarrekin egon dira espetxean abuztuaz geroztik. 18:00etan kalera atera, taberna batera joan, eta etxekoen zain egon zen Moran, 21:00etara arte. Izan ere, ezustekoa izan zen etxekoentzat ere aske uzteko erabakia. Bost orduko bidaiaren ostean, 02:00etan iritsi da etxera, Bilboko Santutxu auzora.

"Espetxean ez zidaten azaldu zergatik utzi nauten aske. Auto txiki bat eman zidaten, lau paragrafokoa, eta hor jartzen zuen Auzitegi Gorenak Nazionalari ni aske uzteko agindua eman diola. Baina oraindik ez dakigu zergatik", azaldu dio Moranek gaur eguerdian BERRIAri. Atzo goizean hasi ziren aztertzen Auzitegi Gorenean Moran eta Segikoak izatea leporatuta espetxeratutako beste sei gazteen helegiteak: Marina Sagastizabal, Bergoi Madernaz, Aiala Zaldibar, Igarki Robles, Aihoa Villaverde eta Ibon Esteban. Lasai joan zen siestara Moran atzo, fiskalak zigorra murriztea eskatu zuela jakin gabe.

Auzitegi Gorena atzo hasi zen zazpi gazteen helegiteak aztertzen eta Moran, Sagastizabal, Madernaz, Zaldibar eta Robles aske uztea erabaki du. Atzo senideekin elkartu eta etxerako bidean izan zuen Moranek beste gazteen berri. Villaverde eta Estebanen egoera oraindik ez da argitu, eta abokatuek ere ez dakite euren helegiteak atzera bota dituzten edo oraindik aztertzen ari diren. Moranek BERRIAri azaldu dioenez, abokatuek gaur goizean deitu dute Auzitegi Nazionalera, baina han esan diete Gorenak bidalitako agindua soilik dutela, alegia, atzo espetxean jaso zuen lau paragrafoko autoa.

"Egun arraroak"

Ia zazpi hilabete eman ditu espetxean Moranek. Ondo gogoan du atxilotu zuteneko unea. Aurreko egunak ere "arraroak" izan zirela oroitzen du. Atxiloketa, baina, oso arin joan zen. Lanean zegoen, Someran, eta bulegotik ateratzean lau polizia hurbildu zitzaizkion, eta auto batean sartu zuten. Kaleko jantziarekin zeudenez, nortzuk ziren galdetu zien Moranek. "Ertzaintza gara, eta zu atxilotzeko Auzitegi Nazionalaren agindua dugu", erantzun zioten. Zergatik ez zekitela esan zioten, ordea. Komisaldegira eraman zuten, eta Ertzaintzako arduradun batek orduan jakinarazi zion sei urteko espetxe zigorra jarri ziotela. Epaileen autoa, baina, ez zuen jaso hiru aste geroagora arte. Hain zuzen, Gasteizko herri harresian beste gazteak atxilotu ostean eman zioten.

"Egundokoa izan zen Gasteizkoa. Basauriko espetxean Gaur Egun eta Teleberri ikusiz eta irratia entzunez izan genuen han gertatzen zenaren berri, eta han zeuden lagun askoren deia ere jaso nuen", gogoratu du Moranek. Lehen hiru hilabeteak eman zituen Basauriko espetxean, abuztuaren 8ra arte, eta bereziki du gogoan Aitzol Gogorza larri gaixo den euskal presoarekin izandako harremana. "Berarekin konturatu naiz zer den espetxean gaixo egotea. Kanpoan bai, eskatzen duzu aske uzteko gaixo dauden presoak, baina gero han ikusten duzu zein gogorra den bizi duten egoera, lehen pertsonan bizi duzunean", azpimarratu du. Hiru hilabetez egon zen Moran Basaurin, abuztuan Teruelgo espetxera bidali zuten arte. "Aitzol gaixo egoera horretan uztea oso gogorra izan zen. Asko ikasi dut haren ondoan, eta agurtu behar izatea gogorra izan zen".

Teruelen Ormazabalekin egon da Moran, eta hotzaren zain zegoela aitortu du. "Teruelgoak ez dira espetxe baldintza txarrenak. Bigarren graduan nengoen, eta jarduera ugari egin nitzakeen. Asierrekin, gainera, oso gustura nengoen. Baina esana zidaten han hotz handia egiten duela eta izotza izaten dela, eta hotzaren esperoan nintzen". Itxaronaldi hori, baina, atzo arratsaldean eten zen, 16:00etan siestatik esnatu zutenean. Miren amak 16:12ean eman zuen semearen deiaren berri: "Xabatek deitu du... Aske geratuko dira!!! Oraintxe jaitsiko gara Teruelera bere bila!! Etxera ekarriko dugu!!!!". 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.