Etxerat elkarteak bizi duten egoerari “behingoz” irtenbidea emateko eskatu du: “Ez gaude prest heriotzaren tonbola honetan hiltzen jarraitzeko. Etxean nahi ditugu eta bizirik, horregatik eskatzen dugu euren eskubideak errespeta daitezela”. Estanis Etxaburuk eta Agurtzane Alcaldek hitz egin dute Etxeraten izenean eta bizi duten sufrimenduarekin amaitzeko egin beharrekoak egiteko eskatu diote Eusko Jaurlaritzako hirukoari. Hiru alderdiek dispertsio politika honen aurrean duten ardura handia dela salatu du Etxeratek eta politikoak diren heinean beste alde batera begiratzeari utzi behar diotela azpimarratu du. Horregatik “indarrak pilatzeko” helburuarekin konpromisoak hartzeko eskatu diete EAJ, EA eta EBri. Jakinarazi dutenez, hiru alderdiei biltzeko deia luzatu diete dagoeneko.
Etxerateko kideekin batera Igor Angulo Cuencako espetxeko bere ziegan hilik agertu zen euskal presoaren senideak izan dira agerraldian. Idoia Muruaga Anguloren neska laguna eta Oskar Lorenzo koinatua. Senideek argi daukate suizidioaren hipotesia sinestezina dela: “Suizidioaren tesia ezin zuen Cuencako espetxeko zuzendariak berak ere sinetsi”, adierazi du Lorezok. “Hil egin zuten”. Hori dela eta, PSOEren egungo espetxe politikaren arduradunei erantzukizunak eskatu dizkiete; baita EAJri ere.
Muruagak, Angoloren neska lagunak, presoa hilik aurkitu aurretik harekin izandako elkarrizketaren berri eman du. Senideen adierazpenak gogorrak izan dira. Buruagak azpimarratu du Angulo “itxaropentsu” zegoela, zazpi urteko semeari puzzlea bidaltzekotan zela, hurrengo bisean bisa hitzartu zuten egunerako irrikaz zegoela…Espainiako Espetxe Erakundeetako Zuzendaritza Nagusiaren hipotesia gezurtatu dute senideek.
Egungo espetxe politikaren helburua presoak eta haien senideak suntsitzea dela iritzi dio Barrenak
Batasunak deituta elkarretaratzeak egin dira goizean PSEren egoitzen aurrean. Donostiakoan Pernando Barrena Batasuneko mahaikidea mintzatu da, eta sakabanaketan oinarritutako egungo espetxe politikaren helburua "presoak eta beren familiak suntsitzea" dela azpimarratu du. Era berean, Espainiako Gobernuari ohararazi dio politika hori oztopo dela konponbidea lortzeko. Bide horretatik euskal herritarrak nora eraman nahi dituzten pentsatzeko eskatu die PSOEri zein Zapateroren Gobernuari.
Barrenaren iduriko, Espainiako Gobernua eta PSOE dira "kriminaltzat" jo duen espetxe politikaren arduradun: "Espainiako Gobernuak eta Alderdi Sozialistak pentsatu egin behar dute zein egoeratara eraman nahi gaituzten euskal herritar guztiok beren ekintza bada presoak eta haien famliak fisikoki anikilatzea helburu duen espetxe politika".
Heriotza espetxean
Espetxeetan bizi den egoera dela-eta "pazientzia agortzen" ari zaiola ohartarazi du Etxerat-ek
“Mendeku gose ase ezina” sumatzen du Etxerat elkarteak Espainiako espetxe politikaren oinarrian. Politika horren ondorioz presoak zein senideak oso egoera latzak bizitzen ari direla —Igor Anguloren heriotza, kasu—, eta pazientzia agortzen ari zaiela ohartarazi dute. Egoera horrekin amaitzeko eskatu diete sakabanaketa politikaren arduradun nagusiei: "PSOEri eta EAJri". Bestalde, Eusko Jaurlaritzako hirukoari (EAJ, EA eta EB) konpromisoak hartzeko eta eskuak gehiago ez garbitzeko exijitu diote.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu