Iruñeko Instrukzio Epaitegiko bigarren salak espetxera bidali du Iruñeko Sanduzelai auzoan aitaginarreba hiltzeaz akusatuta atxilotu zuten gizona. Behin-behineko espetxealdian egongo da epaiketa egin arte.
Joan den igandean izan zen hilketa, Iruñeko Sanduzelai auzoko Santa Bizenta Maria kalean. Atxilotuak, ustez, aitaginarreba hil zuen, kolpeka. Gero, etxean itxi zen hainbat orduz. Polizia Nazionaleko GEOen operazio berezietarako unitateak bertaratu behar izan zuen gizona etxetik atera zezaten. Orduz geroztik, Poliziaren esku egon da.
Iruñeko epaitegiak emandako epaiak jasotzen duenez, "zentzuzko frogak" badaude atxilotua hilketaren erruduna dena erakusteko. Epailearen arabera, atxilotua eguerdian joan zen bikotekidearen etxera, eta han, "ez jakin zergatik", behin eta berriz jo zuen bikotekidearen aita, hiltzeraino. Gainera, atxilotuak egindakoa aitortu zuen polizia etxean.
Epailearen iritziz, ez dago "inolako zalantzarik" akusatuari giza hilketa leporatzeko. Gainera, erailketa ere lepora diezaioke, egindakoa basakeriaz egin duela frogatzen bada.
Epaiketa egin arte, atxilotua behin-behineko espetxealdian egongo da, delituen larritasunagatik.