Nazioak eta Estatuak XXI. mendean: Demokrazia eta Erabakitzeko Eskubidea jardunaldiak amaierara iritsi dira. Ondorioak plazaratu dituzte eguerdian Gorka Espiauk (Agirre Center), Iñaki Dorronsorok (Eusko Ikaskuntza), Joxerramon Bengoetxeak (EHUgune) eta Mario Zubiagak (EHU). Jakinarazi dutenez, jardunaldietako edukia bildu eta gizarteratu egingo dute, "ahal den formatu egokienetan". Uste dute "perspektiba soziologiko, historiko eta antropologiko bat ere merezi" dutela. Enekoitz Esnaola BERRIAko kazetariak zuzeneko jarraipena egin du:
Goizean, erabakitzeko eskubidearen kontzeptu juridikoa jorratu dute Iñigo Urrutiak eta Eduardo Virgalak. Urrutiak (EHU) azaldu duenez, sezesioa nola gauza daitekeen ez dago araututa nazioarteko zuzenbidean, baina badira estatu izateko baldintzak. Honakoak zerrendatu ditu: biztanleria egonkorra, lurralde zehatza, gobernu eraginkorra eta beste estatuekin harremana.
Urrutiaren arabera, Europako testuinguruan estatu bihurtzeko baldintza ezinbestekoa da sezesioa "modu demokratikoan" egitea. 1989tik hona 22 estatu berri sortu dira munduan, Urrutiak azaldu duenez —gehienetan garrantzi txikia izan du autodeterminazio eskubideak—.
Euskal Herriko kasua ere hizpide izan du. Batetik, Espainiako Estatuaren zentralizazioa aipatu du; haren ustetan, autogobernua husten ari da. Bestetik, nabarmendu du Euskal Herrian erabakitze eremuak argitzen ari direla: "EAE, Nafarroa eta Ipar Euskal Herria".