«Sentitzen nuen nengoela guztiz kontrolatuta, eta zeure buruari esaten diozu ez zarela obsesionatu behar, baina ezin duzu hori saihestu, eta familiak are gutxiago». Izaskun Goñik iragan maiatzean BERRIAri egindako adierazpenak dira horiek. Gazte iruindar horrek bazekien bere izena zerrenda beltz batean agertzen zela, eta zerrenda hori azken bi urteotan Iruñerrian egindako polizia operazioetako inkomunikazio aldietan poliziek torturapean ateratako informazioaren ondorio zela. Izaskun Goñi, beste zazpi lagunekin batera —Oihana Lopez, Eneko Villegas, Garazi Autor, Ainhoa Villaberde, Saioa Zubiaur gazteak eta Haritz Eskudero eta Haizea Ziluaga abokatuak— asteazken gauean atxilotu zuten, eta atzo haren senide batek, eskuak dardarka baina ahotsa irmo, euskal gizarteari «Estatuaren basakeriaren aurrean herri harresi bat» altxatzeko deia egin zion.
Atxilotu horietako batzuen senideak atzo Espainiako Gobernuaren Nafarroakoordezkaritzara jo zuten Elma Saizekin biltzeko asmoz. Saizek ez zituen hartu, biltzeko agenda arazoak zituela argudiatuta. Ezker abertzaleko Xanti Kirogak, EAko Maiorga Ramirezek eta Koldo Amezketak eta Aralarreko Txentxo Jimenezek elkartasuna agertu zieten «atzaparkada antidemokratiko honen biktimei» eta euren senideei. Han zen Marine Pueyo Iruñeko hautetsia eta Garazi Autorren ama.
Txentxo Jimenezek kezka azaldu du atxilotuen egoeragatik. «Ilusiozko egoera bizi dugun honetan, Estatuaren erantzuna ez da inondik ere komenigarria, beharrezkoa eta egokia; guztiz alderantziz». Bere ustez, alderdi guztiek euren esku duten guztia egiteko betebeharra dute: «Ezein alderdik ezin du poztu dinamika hori oztopatu dezakeen edozein gertaeragatik», adierazi du PSNri erreferentzia eginez, Roberto Jimenezek ohar batean operazioagatik pozik zela azaldu baitu.
Xanti Kirogak, gogorarazi du iazko urritik hona Euskal Herrian 141 lagun inguru atxilotu direla eta horietatik 104k torturak salatu dituztela, gehienak Fernando Grande Marlaska epailearen aginduz. «Ezin dugu ez onartu ez ulertu horrelako jarrera». Jokabidez aldatzeko eskatu dio Espainiako Gobernuari. Maiorga Ramirezen ustez, «atzeraezina den prozesu bat gerarazteko» asmoa du Espainiako Gobernuak, eta atxiloketekin «bere izaera antidemokratikoa» agertzen du».
Elma Saizen ardura
Izaskun Goñiren senideak irakurritako agirian azpimarratu zuen atxilotuek «lan publiko gardena eta politikoa» egiten dutela, eta «bere ideologia independentistaren ondorioz» atxilotuak izan direla. Gogora ekarri zuen azken bi urteotako operazioetan «torturen ondorioz» lortu zituztelaizenak poliziek. «Horietako batzuk epaitegietan deklaratzeko bere burua eskaini zuten. Beraz zergatik atxilotu eta inkomunikatu?». Euren senideak uneotan inkomunikatuta daudela jakinda, gerta dakiekeenaren ardura «Nafarroako gobernu ordezkariarena» dela ohartarazi zuen.
Era berean, egungo salbuespen egoeraren aurrean gizarteari «aski da» aldarrikatzeko ordua heldu zaiola iritzi dio. Bere mezuak bat egiten du maiatzean Izaskun Goñik adierazitakorekin. «Gizarteari esan nahi diot oihala kendu dezala begietatik. Hemen badaude Poliziaren trikimailuak, eta torturatu egiten da. Garaia da hau gelditzeko», esan zuen gazte iruindarrak aldi hartan.
Atzo arratsaldean beste auzi bat dela-eta, Auzitegi Nazionalaren epai bat iritsi zen. Bertan, auzitegiak ebatzi du Izaskun Goñi eta Daniel Burgos Zurgai tabernako arduradunak errugabeak direla. Presoen argazkiak erakustegatik terrorismoaren gorazarrea egitea leporatzen zitzaien, baina epaiak dio ez dagoela horren inguruko frogarik.
«Estatuaren aurrean herri harresia» eraikitzeko eskatu dute atxilotuen senideek
Saizekin biltzeko saioa egin dute, baina ez dute lortu; atxilotuei ezer gertatuz gero erantzulea hura dela esan dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu