Estatuaren immobilismoa salatu du Beitialarrangoitiak

Atxiloketekin ezker abertzalearen jarreran zalantzak sortu nahi dituela uste du hautetsi independentistak

Erredakzioa
2011ko martxoaren 3a
00:00
Entzun
Azken asteotan eta bereziki herenegungo atxiloketen harira zenbait sektore politiko ezker abertzaleari egiten ari zaizkion eskaerek helburu bat dute, Marian Beitialarrangoitia Hernaniko alkatearen ustez. «Zalantzak sortu nahi dituzte ezker abertzalea egiten ari den urratsen inguruan».

Rodolfo Ares Eusko Jaurlaritzako Herrizaingo sailburuak, besteak beste, adierazi du «ekintza terrorista ororekiko jarrera ezartzeko» erabili beharko lituzkeela atxiloketak Sortu ezker abertzalearen antolakunde politiko berriak. Beitialarrangoitiaren arabera, baina, ezker abertzaleak jarrera argia agertu du «indarkeria ororen aurka, ETArena barne». «Ezker abertzaleak urte eta erdi darama hitz egiten eta ekintzen bidez agerian uzten hitzen bidez esaten duena. Ezker abertzalea ez da ezkutatu», nabarmendu du.

Hautetsi independentistaren irudiko, oso bestelakoa da Espainiako Estatuko «zenbait sektoreren» jarrera. «Immobilismoa» eta «harropuzkeria» leporatu die. «Nahi nuke immobilismoaren amaieraren aurrean egotea. Atzean geratu behar dira sufrimendua eragin duten errealitate asko, eta espero dut gobernua ere norabide horretan mugitzea».

Beitialarrangoitiaren ildo beretik mintzatu da EAko idazkari nagusi Pello Urizar. «Gertatzen den edozer baliagarri izango zaie immobilismo hori justifikatzeko». Urizarren aburuz, jarrera horren helburua da normalizazio politikoa lortzeko abiatu den prozesua trabatzea eta, bide batez, Sorturen legeztatzean eragitea.

Alderdi sozialistako eta PPko buruzagiek, berriz, eutsi egin diote orain arte izan duten jarrerari. Manuel Chaves Espainiako Gobernuko hirugarren presidenteordeak adierazi du Sortuk «aukera paregabea» galdu duela bere apustua «sinesgarria» egiteko. Antonio Basagoiti EAEko PPko presidenteak esan du ezker abertzaleak ez duela egingo «orain arte egin ez duen ezer».

Mobilizazioak bihar

Sorturen auziarekin lotuta, berri agentziek jakinarazi dute estatuaren abokatuak gaur aurkeztuko duela alderdia legez kanporatzeko eskaera Auzitegi Goreneko 61eko salan. Sortu legeztatu dezatela eskatzeko mobilizazioak egingo dira bihar.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.