1976ko martxoaren 3ko gertakizunen 36.urteurrenak emandako oihartzuna baliatuta, Espainiako Estatuari «eragindako sufrimendua» aitor dezala eskatu diote Gasteizko sarraskiaren biktimen elkartekoek. «Estatuak behingoz bere erantzukizuna aitortu behar du Poliziak azken hamarkadetan eragindako sufrimenduan, eta bereziki Gasteizen 1976an eragindako hilketetan».Martxoaren 3ko biktimen elkarteak «estatu terrorismoaren zigorgabetasuna» salatu ez ezik, biktima guztientzat egia, justizia, erreparazioa eta ez errepikatzeko bermeak lortzeko konpromisoa ere berretsiko du urtemugaren harira antolatutako ekitaldietan.
Biktimen gaiak inoiz baino gaurkotasun handiagoa duen honetan, erakundeek oraindik ere estatuaren biktimak baztertzen dituztela salatudute Lander Garcia eta Andoni Txasko elkarteko kideek. Bai Espainiako Gobernuak bai Eusko Jaurlaritzak biktimekin duten jarrera «baztertzailea eta arbitrarioa» dela salatu dute: «Zigorgabetasuna elikatzen ari dira, biktimen artean bereizketak egin nahian».
Eusko Jaurlaritzak landu duen Poliziaren biktimen dekretuaren zirriborroa horren adibide garbia dela iritzi diote. Azpimarratu dutenez, Jaurlaritzaren dekretua bada «urrats bat», baina «oso motz» geratzen da, giza eskubideen urraketak sailkatu egiten dituelako. Haien ustez, giza eskubideen urraketen hasiera 1936. urtea izan beharko litzateke,altxamendu militarra «gaitz» guztien sorburua izan zelako, eta «zentzugabekeria» da dekretu horretan Estatuak eragindako giza eskubideen urraketak daten arabera sailkatzea.
Irizpide horiei jarraituta, martxoaren 3ko biktimak bi dekretutan jasota egon beharko luketela salatu dute: lehenengo dekretuan, 1976ko gertakarien biktimak direlako; eta bigarrenean, 2006ko manifestazioan Ertzaintzaren oldarraldiaren ondorioz zauritu, auziperatueta ondoren errugabe jo zituztelako. Gainera, duela sei urteko jazoerengatik oraindik ez duteJaurlaritzaren «barkamenik eta ordainik» jaso, elkarteko kideek jakinarazi dutenez.
Horrez gain, elkartekoek diotenez, dekretu horren planteamenduak ez dira «onargarriak» nazioarteko legediarenikuspuntutik, ez duelako bermatzen biktima guztientzat egia eta justizia izateko eskubidea.
Halaber, Euskal Herrian Egiaren Batzorde bat osatzea ezinbestekoa dela uste dute elkartekoek, «estatu terrorismoak azken hamarkadetan eragindako kasu guztiak argitzeko». Azaldu dutenez, batzorde horrek «zigorgabetasuna» bermatu duten Estatu egituretatik libre egon beharko luke, eta nazioarteko legediak dioenarekin bat egin beharko luke.
Senidetzea
Gasteizko sarraskiaren urtemuga gogoan hartzeko, egitaraua osatu du elkarteak aste osorako: hitzaldi, zinema emanaldi eta musika kontzertuekin batera, omenaldia eta manifestazioa ere deitu dituzte larunbaterako. Era berean, 1976ko istiluen ondorioz Tarragonan (Herrialde Katalanak) eta Basaurin (Bizkaia) egindako protestetan Poliziak hil zituen Juan Gabriel Rodrigo eta Vicente Anton Ferrerogazteak gogoan izango dituzte, eta «senidetze» jardunaldia egingo dute haien familiekin.
Estatuari «sufrimendua» aitortzeko eskatu diote Martxoaren 3ko biktimek
Gasteizko sarraskiaren 36. urteurrena gogoan hartuta, biktimen artean bereizketak egitea gaitzetsi dute
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu