Estatus politikoa moldatzeko asmoez hitz egiteko, mahai berean eseri dira gaur EAJ eta EH Bildu. Gai horren inguruan Eusko Legebiltzarreko talde politikoekin biltzeko asmoa du EAJk; herenegun batzartu zen PSE-EErekin, eta, gaur, EH Bilduz gain, PPrekin eta UPDrekin ere bilkurak egingo dituzte jeltzaleek.
Bilkuraren ostean, Hasier Arraiz EH Bilduko legebiltzarkideak hitz egin du. Azaldu du EAJ eta koalizioa bat datozela estatus politikoa aldatzeko beharraren "abiapuntuan", eta, hori horrela, aldaketa hori "egingarria" dela uste du. Arraizen hitzetan, biak bat datoz "eztabaida horren beharrean", biek uste baitute "egungo esparruaren zikloa erabat agortuta" dagoela eta, beraz, "berritzeko eta euskal gizartearen gehiengoaren borondatea zein den jakiteko" garaia dela.
Arraizek azaldu duenez, EAJ eta EH Bildu ados daude Euskal Herria "nazio eta subjektu politiko gisa" aitortzearen beharrean, eta baita hari "dagokion erabakitzeko eskubidea" gauzatzean ere.
[Youtube]http://youtu.be/kthtBjsy0t0[/Youtube]
Metodologiari dagokionez, Arraizek azaldu du EAJk "erreforma estatutario" gisa aurkeztu nahi duela estatus politikoa aldatzeko proposamena. Hori "egingarria" delakoan da Arraiz, baina ohartarazi du "saihestezina" dela erabakitzeko eskubidea gauzatzea. Haren ustez, EAJk proposatutako bideak "Madrilekin egiten du topo"; une hori iristean "hitz egingo dugu egoera nola konpondu", esan du Arraizek, uste baitu euskal gizarteak ezin dituela "Madrilek ezarri nahi dizkion mugak" onartu. Muga bakarra euskal gizartearen iritzia dela defendatu du.
Arraizek "oso garrantzitsua" iritzi dio PSE-EEk eta PPk eztabaida horretan parte hartzeari, eta EH Bilduk parte hartzeko asmoa adierazi dio EAJri.
Loiola eta Ibarretxe Plana, "erreferentzia onak"
Ondoren mintzatu da Andoni Ortuzar EAJko presidentea. Loiolako akordioa eta Ibarretxe Planaren hitzaurrea "erreferentzia ona" izan daitezkeela uste du, eta estatus politikoaren aldaketari buruz erreferendum bat egiteko data "2015ean edo 2016an" kokatu du. Edonola ere, erreferenduma "egitea da garrantzitsua", Ortuzarren esanetan.
Halaber, iragarri du urte amaiera baino lehen jarri nahi duela martxan estatus politikoari buruzko lantalde bat Eusko Legebiltzarrean.
Gaurko adierazpenez gain, SER irrati katean eman zuen atzo Andoni Ortuzar EAJko presidenteak bere alderdiaren asmoen berri. Esan zuen "orri zuri batetik" eta "espiritu eraikitzailez" abiatuko duela estatus berriari buruzko negoziazioa, adostasun ahalik eta zabalenera heltzeko. Azaldu duenez, taldeek estatus politikoari buruzko eztabaidan zein jarrera duten eta "igerilekuan urik ote dagoen" jakiteko dira aste honetako bilerak.
Ortuzarrek estatutuaren erreforma gisara aurkeztu zuen estatus politikoaren aldaketa, eta "jaio ez dena ez demonizatzeko" eskatu du.
Erabakitzeko eskubidea berme
"Ezin da egon erabakitzeko eskubidea jasoko ez duen estatus berririk". Argi utzi zion hori EH Bilduk EAJri herenegun. Jeltzaleek gainontzeko alderdiekin "estatus politiko berriaz" hitz egiteko asmoa iragarri ondoren, gaurko bilerara jarrera horrekin joango dela iragarri zuen koalizio soberanistak.
EH Bilduk jakinarazi zuenez, proposamen bat emango dio gaur EAJri, bi testu oinarri hartuta: 2004an Eusko Legebiltzarrak onartutako estatutu proiektuaren —Ibarretxe Plana izenez deiturikoa— hitzaurrea eta PSE-EEk, EAJk eta Batasunak 2006ko bake prozesuan Loiolako mahaian adostutako akordioa.