«Teknikoki nahikoa denbora badago, baina politikoki badakigu zer gertatzen den herrialde honetan: egun batetik bestera ikaragarri aldatzen dira gauzak». Maiatzaren 22an izango dira udal eta foru hauteskundeak, eta Xanti Kiroga, Txelui Moreno eta Marine Pueyok, Iruñean emandako prentsaurrekoan, azaldu dute alderdi berriaren estatutuak «urtarril aldera» aurkezteko asmoa dutela. Xanti Kirogak berretsi du Alderdien Legea «zorrotz» betetzeko asmoa dutela, nahiz eta hura bidegabetzat eta antidemokratikotzat jo.«Zintzo jokatu nahi dugu; ez dugu hauteskundeetara aurkeztu nahi trikimailuen bidez. Legez erakunde bat egituratu beharra dugu».
PPk eta PSOEk Alderdien Legea moldatu beharra azaldu dute azken asteetan, eta horrek euren asmoak zertan alda ditzakeen galdetuta, Marine Pueyok dio legearen irizpideak betetzeko asmoa dutela: «Ikusiko dugu moldaketa hori onartzen denean zer gertatzen den. Gure eskuetan dagoen guztia egingo dugu marka politiko hori aurkeztu ahal izan dadin», azpimarratu du.
Txelui Morenok, berrriz, oso larritzat jo du Candido Conde Pumpidok esandakoa. Estatuko fiskalburuak duela bi aste adierazi zuen legedia betetzea ez dela nahikoa izango. «Fiskalburua espetxeratzeko modukoak dira adierazpenok. Eskubide demokratikoen zaindari izan behar lukeen fiskal batek nola esan dezake legedia betetzea ez dela nahikoa?». Haren ustez, Conde Pumpidok «izua du, ez dagokien gehiengo bat galduko dutelako».
Horregatik, Morenoren arabera, adierazpenok agerian uzten dute ezker abertzaleak egindako estrategia aldaketaren garrantzia. Haren ustez, «azken hamarkadetako erabaki garrantzitsuena» da apustu hori. Mugimendu horrek barne zalantza batzuk eragin dituela onartu arren, Txelui Morenoren ustez norabide egokia adierazten du: «Estrategia horrekin, pausoz pauso, Estatua biluzten dugu. Espainiako Gobernuak bere estrategia kriminalizazioaz jantzi du, ahuldadeak ezkutatzeko. Gure proposamen politikoak demokratikoak dira eta nazioartean onartuak dira. Pauso bat ematen dugun bakoitzeko arropa bat kentzen diogu Estatuari». Txelui Morenoren arabera, Espainiak ez duela oinarri demokratikorik agerian geratzea nahi dute. «Zaila da, bai, baina ez da ezinezkoa», aitortu du.
ETAren erabakiak datarik ez
Epe laburrera ETAk behin betiko su-eten egiaztagarria emateko aukerari buruz galdetuta, Morenok «ahalik eta azkarrena» etortzeko itxaropena agertu du. Dena den, Kirogak azpimarratu duenez, ezker abertzaleak ez du datarik jarri. «Irailean ETAk esandakoaren ildotik logikoa da hori gauzatzea, eta oso lasai gaude», dio.
Urtebete atzera egin du Morenok. Haren iritziz, «fase batetik besterako aldaketak oso azkar» egin dituzte, eta horrek egokitzeko arazoak sortu ditu.«Ezarritako abiadura handia da, eta alderdi batzuei kosta egiten zaie gainera datorkienaren inguruan bere burua kokatzea». Morenoren ustez, iraganeko prozesuek beste eskema bat zuten, eta oraingoak,inongo akordiorik gabe egin izanak, «nahasi» egin ditu bai alderdiak eta bai Espainiako Gobernua.
Nafarroako egoera ere hizpide izan dute. Duela hilabete hurrengo hauteskundeetan elkarlanean aritzeko proposamena helarazi zien besteak beste EAri eta Aralarri, eta iragan asteburuan, bide horretan aurrera egiteko euren gutxieneko printzipioak aurkeztu zituzten. Pueyok argi utzi nahi izan du ez dutela Nafarroa Bai hautsi nahi, eta Nafarroan aldaketa lortzeko asmoa lehenetsi du,«baldintza subjektiboak eta objektiboak direlako».
Hurrengo legealdirako NaBairen oinarri politikoak nahikoak ez direla iritzi diote, «PSN jotzen dutelako oraindik aldaketarako bermatzaile, Foru Hobekuntzaren alde apustu egiten dutelako eta krisiaren aurrean ez dutelako neurri bakar bat eskatzen». EAJk EAEn zein Espainian aurrekontuak zein lan erreformak babestu dituela gogorarazi dute. «Ez dakigu zergatik EAJren politika horrekbaldintzatu ditzakeen NaBaiko beste bazkideak gauza gehiago egiteko», esan du Pueyok. Morenok oroitarazi du munduko beste herrialdeetan aldaketa politikoek bi osagai dituztela: instituzioetan lan egitea eta mobilizazio soziala. NaBairi bigarren hanka hori falta zaiola eta atal horretan ezker abertzaleak ekarpena egin dezakeela arrazoitu du.
Estatutuak urtarrilean aurkeztuko dituela iragarri du ezker abertzaleak
Legez erakunde bat egituratu beharra duela azpimarratu, eta bozetan aurkezteko «behar den guztia» egiteko prest azaldu daEAJren politikek Nafarroan ez ditzatela EA eta Aralar baldintzatu eskatu du Pueyok
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu