autogobernua

Estatutuan eskumenak “zehaztu eta blindatu” nahi ditu EH Bilduk

Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak bihar du bilera, eskumenen inguruan eztabaidatzeko. Indar politikoaren ustez, euskal instituzioek "eskumen erabatekoa" izan behar dute "herritarren bizi kalitatean eta lurralde antolaketan zerikusia duten arloetan".

Urizar, Iriarte eta Urruzuno, gaurko agerraldian. JAIZKI FONTANEDA / FOKU
jon olano
2018ko ekainaren 5a
13:34
Entzun

Eusko Legebiltzarreko Autogobernu Lantaldeak bihar izango du Araba, Bizkai eta Gipuzkoako estatus politikoari buruz eztabaidatzeko bilera, eta bertako lanen inguruko balorazio bat egiteko, agerraldi bat egin dute Pello Urizar, Maddalen Iriarte eta Unai Urruzuno EH Bilduko egebiltzarkideek.

Eskumenen atala jorratzen ari da lantaldea, eta botere publikoenari helduko dio ondoren. EH Bilduren ustez, atal horietan datza estatus politiko berriaren garrantzia: “Estatus berri baten premia baldin badugu, ez da gure nortasun nazionala areagotuko duelako: EH Bildu askoz harago doa. Estatus berri bat eskatzen dugu ziur gaudelako hori dela modu eraginkorrena herritar guztien eskubideetan sakontzeko, herritar guztien eskubide sozialak, politikoak, zibilak bermatzeko”.

Iriarteren hitzetan, “funtsezkoa” da herritarrak horretaz jabetzea eta gizartea bera “eztabaidan murgiltzea”; horregatik, dei egin du larunbatean Eusko Ikaskuntzak antolatuta egingo dituzten foroetan parte hartzera.

Eskumenak babesteko, Iriartek giltzarri jo du erabakitzeko eskubidea izatea: “Gure eskubideen babesa mugatua dago, ohikoa da Madrilen atzera botatzea euskal erakundeetan hartzen ditugun erabakiak, eta jendearen bizimodua hobetzea dakartenak”. Adibide gisa aipatu ditu pentsio planak, merkataritzaren ordutegiak, langile publikoen lan baldintzak, fracking-a... “Agerian uzten du egungo markoak ez dituela babesten herritarren eskubideak. Errealitate horri heldu behar dio estatus berriak”. Euskal herritarren “eskubide sozial eta ekonomikoak blindatzeko” eta “herritar guztiei bizi baldintza duinak bermatzeko”, Iriartek nabarmendu du “ezinbestekoa” dela euskal erakundeen “erabakiak errespetatu eta beteko direla ziurtatzea. Horregatik da garrantzitsua erabakitzeko eskubidea txertatzea”.

PSE, "konfrontazioaren eta frustrazioaren" aurka

Autogobernu Lantaldearen jardunaz mintzatu da Idoia Mendia PSE-EEko idazkari nagusia ere, ETB1en eginiko elkarrizketa batean. EAJk eta EH Bilduk adostutako hitzaurrearen eta Atariko Tituluaren harira, Mendiak esan du PSEk ez duela babestuko “euskal herritarrak sailkatuko dituen” edo “[Espainiako] Konstituzioa estatutu baten bidez moldatu” nahi duen akordiorik. Mendiaren esanetan, PSEk ez du herrialdea “konfrontaziora eta frustraziora” eraman nahi, eta autogobernua “garatu, sendotu eta defendatzearen alde” azaldu da: “1979az geroztik gauza asko gertatu dira, eta ez daude estatutuan”.

Mendiak azaldu du lantaldean, orain arte, “desadostasun handiagoak” dituzten gaiak jorratu dituztela: “Eskumenez, eskubideez edo Euskadi antolatzeaz hitz egitean, agian gertuago egongo gara”.

Harreman “emankorragoa” PSOErekin

Autogobernu Lantaldeaz ez, baina Espainiako Gobernuaren aldaketak eskumenen eskualdatzean izan dezakeen eraginaz hitz egin du Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak. Uste du gobernuen arteko harremanak “emankorragoak” izango direla aurrerantzean: “Gutxiago, ezinezkoa da”.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.