Cristina Estebanez hil eta Aingeru Cerecedo larri zauritzeaz akusatutako gizonaren bertsioa indargabetu dute froga zientifikoek. Atzo, epaiketaren laugarren saioan, agerian geratu zen erasotzailea eraikineko teilatutik eskegita jaitsi zela biktimaren etxeko balkoira eta leihoa bortxatuz sartu zela egongelara. Hala, biktimaren bikotekide ohi Seidel Martinez etxera giltza erabiliz sartu zela gezurtatu dute frogek.
Hilketa «planifikatua» izan zela frogatzeko helburua dute Fiskaltzak eta akusazioak. Haien tesia berretsi dute frogek: 2010eko abenduaren 6an, eraikinean lan bertikalak egiten ari zirela aprobetxatuta, obrako materiala «manipulatu» egin zuen akusatuak, teilatutik eskegitzeko. Ertzaintzako teknikarien arabera, hura egin zuenak «denbora» hartu zuen dena prestatzeko: «Baliteke aurretik ingurua aztertu izana ere. Soken sistemak ez dirudi inprobisazioaren ondorio».
Halaber, Martinezen oinetakoekin bat datorren aztarna bat aurkitu zuten leiho baten kanpoko aldean, eta etxeko hormako zein balkoiko hautsaren arrastoak adierazi zien norbaitek hamargarren solairuraino rappel egin, eta pendulu mugimendu baten bidez heldu zela balkoira. Leihoa behartzeko erabilitako tresnetako batek utzi zuen marka akusatuaren motxilan topatutako bihurkin batekin bat datorrela ere zehaztu du polizia zientifikoak.
Martinezen tesiaren beste alde bat ere gezurtatu dute froga medikoek: ez zen borrokarik izan, akusatuak ez baitzuen inolako zauririk, Poliziaren eskuburdinek egindako urraduraz gain.
Aldiz, Estebanez hiltzeko «indar handia» erabili zutela berretsi dute forentseek. Bere logelan, zutik eta bizkarrez bi labankada eman zizkioten lepoan: lehena, hiltzeko modukoa; bigarrena, hilgarria ezinbestean. Bi zauriak hurbil egoteak esan nahi du biktima geldirik zegoela, erasotzaileak fisikoki mendean hartua zuelako, burutik helduta. Estebanezen gorpuak ia ez zeukan bestelako zauririk: kolpe bat aurpegian, eta mozketa txikiak ezker eskuan eta lepo inguruan; defendatzeko aukerarik ez zuela izan ondorioztatu dute medikuek.
Adimen mugatua, baina gai
Hilketaren egunean akusatuari eginiko azterketa psikikoei dagokienez, medikuen txostenak adierazi du Martinezek ez zuela nahasmendu psikopatologikorik agertu, eta memoria galdu izana justifikatuko lukeen arazorik ere ez zioten aurkitu. Ordea, akusatuak adimen gaitasun mugatua daukala baieztatu dute forentseek, baina, argitu dutenez, horrek ez dio eragiten gauzak ulertzeko eta horien arabera jarduteko gaitasunean. Eraso bat planifikatzeko eta gauzatzeko gai dela ondorioztatu dute.
Estebanez hiltzeaz akusatuaren tesia gezurtatu dute frogek
Ustezko erasotzailea teilatutik eskegita heldu zen biktimaren balkoira, eta defendatzeko ia aukerarik gabe hil zuen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu