Epaiaren zain geratu zen atzo Cristina Estebanezen hilketari buruzko auzia; zinpeko epaimahaia bildu egingo da gaur, funtsean, ebazteko ea akusatuak hilketa planifikatu zuen. Seidel Martinez biktimaren bikotekide ohiari akusazio hauek egin dizkiote: Estebanez hiltzea —2010ean—, haren bikotekide Aingeru Cerecedo hiltzen saiatzea, legez kanpo haren etxean sartzea eta urruntze agindua urratzea. Fiskaltzak 35 urteko zigor eskaerari eutsi dio; herri akusazioak eta akusazio partikularrak, berriz, 40 urte galdegin dituzte, Cerecedori egindako lesio psikikoengatik.
Hilketa «istripuz» gertatu zela eta akusatuak ez zuela halakorik planifikatu esan du defentsak, epaiketan; eskatu du «erotasuna» salbuesle gisa ezartzeko, eta «zeloen ondoriozko haserrealdia», aringarri gisa. Baina, fiskalaren zein akusazioen ustez, «erotasuna eta haserrealdia ez datoz bat krimenak behar izan zuen antolakuntzarekin». Esaterako, gogorarazi dute teilatutik biktimaren balkoira jaisteko ustez erabili zuen soka sistemak hamasei orduko lana eskatu zuela.
Era berean, akusatuaren lagunetako hiruk lekukotza faltsuko deliturik egin zuten ikertzeko eskatu dio fiskalak epaileari.
Estebanez ustez hil zuenarentzat, 35 urteko zigor eskariari eutsi dio fiskaltzak
Akusatuak hilketa antolatu zuen ala ez argitu beharko du zinpeko epaimahaiak gaurtik aurrera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu