Estebanezen bikotekideak esan du ez zuela aukerarik izan erasotik babesteko

Aingeru Cerecedo larri zauritu zuten lepoan; berretsi du akusatuak biktima «izutua» eta «mehatxatua» zuela

Astelehenean, epaiketaren lehen saioan deklaratu zuen akusatuak. LUIS JAUREGIALTZO / ARGAZKI PRESS.
Maite Asensio Lozano.
Bilbo
2012ko ekainaren 1a
00:00
Entzun
«Oso azkar gertatu zen dena, segundo gutxian. Ez nuen aukerarik izan defendatzeko; ez nuen astirik izan». Hala gogoratu zen atzo Aingeru Cerecedo, 2010eko abenduaren 6an Barakaldon (Bizkaia) Cristina Estebanez hil eta bera larri zauritu zuen erasoaz. Hala, Seidel Martinez akusatuaren bertsioa gezurtatu zuen lekukoak, Estebanezen orduko bikotekideak. Ziurtatu zuen ez zela egon eztabaidarik eta erasoa bat-batekoa izan zela.

Hil baino bi urte lehenago ezagutu zuen Cerecedok Estebanez, akusatuarekin bikote harreman bat zuenean. «Aitortu zidan utzi nahi zuela, baina beldur zela». Martinezen «mende» bizi zela erantsi du, «izututa» eta «mehatxatuta». Erlazio hura eten zuenean, Estebanezek Euskal Herria utzi zuen aldi batez, ordurako bikotekide zuen Cerecedok lagunduta, eta akusatuaren aurkakourruntze agindua lortu zuenean itzuli zen Barakaldora, «pixka bat lasaiago». Izatez, Martinez prismatiko batzuekin zelatan ikusi zuten egunean —2010eko azaroan— ebatzi zuten aldentze neurria eskatzea. Salaketa haren harira, zortzi urteko zigorra jaso zuen Martinezek, ohiko tratu txarrengatik eta mehatxuengatik.

Halaber, lekukoak ukatu egin du Martinezek Estebanezen etxeko giltza eduki zezakeela; besteak beste, sarraila aldatu berria zelako. Horrela, berretsi du erasotzaileak ezkutatuta itxaron ziela hilketaren egunean. Cerecedok adierazi du etxean sartu eta logelara zihoazenean kolpe batzuk nabaritu zituela bizkarrean; biratu egin zen, eta Martinez agertu zitzaion. «Ikusi nuen eskuan katana bat zeukala, eta, buelta ematean, lurrera bota nion, baina, une hartantxe, aizto bat atera zuen. Esan nion: 'Ez, mesedez; ez, mesedez'. Eta lepoa moztu zidan».

«Korrika atera nintzen etxetik, eta Cris bakarrik geratu zen». Erasotzaileak jarraitu egingo ziola pentsatuta, etxeko atea itxi zuen, baina Martinezek Estebanezengana jo zuen, eta bi labankada emanda hil, akusatuak berak onartu duenez. «Hori aurpegiratzen diot gehien neure buruari: atea itxi nuenez, ez zegoen etxean sartzerik Cristinari laguntzeko».

Kaletik zebilen udaltzain batek torniketea egin zion Cerecedori lepoan. Hamasei zentimetroko zauria zuen eta, besteak beste, bi jugularrak moztuta; hamahiru egunez egon zen ospitalean; tratamendu psikologikoa jaso du, eta joan den astera arte ez zen itzuli lanera, depresioak jota.

Cristina Estebanezen aitak eta ahizpak ere deklaratu egin zuten atzo, adiskide eta senideek babestuta. Euren hitzetan, biktimak ez zien inoiz kontatu akusatuarekin zuen harremana bortxazkoa zenik, baina antzeman zuten «beldurrez bizi» zela.

Guztiz kontrako bertsioa eman zuten akusatuaren lagunek. Biktimaren irudiari kalte egitensaiatu ziren, esanda Estebanezen izaera eta jokabidea ez zetozela bat tratu txarrak jasotako emakume batenarekin. Defentsa abokatuak azaleratu nahi du akusatuak ohi baino adimen koziente baxuagoa duela, eta, hala, Martinezen adiskideek berretsi dute zailtasunak dituela, esaterako, batuketak egiteko edota irakurtzeko. «Pixka bat tentela» bazela ere esan zuen lagunetako batek.

Sokako korapilo «arraroak»

Fiskaltzaren eta akusazioaren arabera, biktimaren etxearen eraikina obretan zegoela baliatu zuen Martinezek aldamioetatik teilatura igotzeko, eta handik eskegita Estebanezen balkoira jaisteko. Obraren koordinatzaileak berretsi du soketako bat aldatuta aurkitu zutela hilketaren ostean —eraikinaren beste fatxadatik eskegita—, eta korapilo «arraroa» zuela: «Gure korapilo protokoloan ez dugu halakorik erabiltzen».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.